Azokatik lehen mailako osasun arreta hobetzearen alde

Guaixe 2021ko mar. 23a, 10:40
Sinadura bilketa pentsio duinen aldeko kontzentrazioan hasi zen joan den astelehenean.

Iortia kultur gune inguruan eta Zumalakarregi plazan osasun zentroaren egoera hobetzearen aldeko sinadurak bilduko dituzte.

Altsasuko oinarrizko osasun eskualdeko herritarren artean alarmak piztu ziren egon beharko luketen sei medikuetatik hiru falta zirela jakitean. Ziklikoki gertatzen da mediku falta Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia hartzen dituen osasun eskualdean. Horregatik, osasun zerbitzuaren erabiltzaile talde batek egoera behin betiko bideratzeko eta behar bezalako osasun arreta eskatzeko sinadurak biltzeari ekin zion joan den astean. Eta helburu horrekin martxoko azken bi asteazkenetan azokan mahaiak jarriko dituzte, bata Iortia kultur gune inguruan eta bestea Zumalakarregi plazan. 

Bestalde, sinadura bilketa sustatu dutenek gogorarazi dute martxoko asteazkenetan, 11:00etan, osasun etxeen parean kontzentrazioak deituta daudela. Nafarroako Osasun Plataforma da deitzailea eta bilkurek Osasun etxea zaindu! leloa dute. Elkarretaratzeen bidez Nafarroa guztirako lehen mailako osasun arreta publikoa eta kalitatezkoa aldarrikatzen dute. 


Nork bere inguruan sinadurak biltzeko deialdia egin dute.