Txirrindularitza

Arrieta eta Gilen Lizartek taldearen aurkezpena egin zuen

Maider Betelu Ganboa 2021ko mar. 24a, 11:20

Ostiralean aurkeztu zen Galibier taldetik sortutako Lizarte afizionatuen taldeko 2021 denboraldiko taldea. 6 nafar dabiltza taldean, tartean Jon Gil lakuntzarrak eta aurten debutatu duen Igor Arrieta uharte arakildarrak

Ostiralean 2021eko Lizarte afizionatuen taldea aurkeztu zuten Orkoiengo Andia Hotelean. Manolo Azconak 1993an sortutako Galibier Kirol Elkartetik sortu zen Lizarte afizionatuen mailako taldea, eta aurten bere 16. denboraldiari ekingo dio. Manolo Azconak jarraitzen du taldeko presidente lanean, eta helburua urteroko berbera dela nabarmendu zuen: “txirrindulariak trebatzea, profesionaletara salto egiteko aukera izan dezaten, eta afizionatuen mailan Lizarte talde erreferentea izatea eta estatu mailan eta nazioartean ere maila bikaina ematea”. 

Taldeak iazko egitura mantendu du eta jubenilen mailako 7 txirrindulari igo dira taldera. Tartean dago Sakana Group-Aralar taldetik afizionatuetara igo den Igor Arrieta uharte arakildarra eta baita Burundan trebatutako Kortesko Unai Aznar. Talde gaztea da Lizartekoa, baina anbizioa duena. Lizartetik hiru txirrindulari igo dira Kern Pharma talde profesionalera –Alex Jaime, Jordi Lopez eta Raul Garcia Pierna–, eta hori aukera ederra da Lizarteko txirrindulariendako. “Hori da gure nahia, urtero bizpahiru txirrindulari profesional mailara igotzea, gutxika” nabarmendu zuen Azconak. 

Plantillako 22 txirrindularietatik 6 nafar dira, aipatutako Igor Arrieta eta Unai Aznar, Jon Gil lakuntzarra, Unai Esparza, Mikel Regi eta Diego Uriarte. “Etxeko harrobia zaintzea gustuko dugu” gaineratu zuen Azconak. Aurkezpenean Lizartetik sortutako Kern Pharma talde profesionaleko kirol zuzendari Pablo Urtasun izan zen. 

Egutegiari dagokionez, Euskal Herriko egutegia, Kantabriako Itzulia, Zamorako Itzulia, Meridako Itzulia eta sortu ahal izan diren beste proba batzuk egiteko asmoa du Lizartek, beti ere pandemiak uzten badu.