Areto futbola

Aralar Mendik azken minutuak soberan izan zituen eta Xotak oso ongi hasi du 2. fasea

Guaixe 2021ko mar. 24a, 12:00
Xotak 5 eta 4 irabazi zion Itaroa Uharteri azken minutuan. Argazkia: J.L. Gorria.

3. mailako areto futboleko 2. fasean Aralar Mendik 1 eta 3 galdu zuen Anaitasunaren kontra eta Xotak Itaroa Uharteri 5 eta 4 irabazita ekin zion 2. faseari

3. mailako areto futboleko 2. faseko 7C azpimultzoan jokatzen ari da Aralar Mendi areto futbol taldea, igoera fasean. Asteburu honetan 2. jardunaldia jokatu zen eta Aralar Mendik Anaitasunaren kontra jokatu zuen. Lehen minuturako aurreratu zen Anaitasuna, baina Eneko Cruzek bana berdintzea lortu zuen eta berdinketarekin jarraitu zuen partidak, bukaeraraino. Partidako azken bi minutuetan Anaitasunak Aralar Mendikoen atea zulatu eta 1 eta 3 galduta, igoera faseko bigarren partida segidan galdu zuten Uharte Arakilgoek. 

7C taldeko liderra Anaitasuna taldea da (6 puntu) eta Aralar Mendi 5. postuan dago, punturik gabe. Asteburuan 3. jardunaldia jokatuko da eta sailkapenean punturik gabe 4. den Ribera de Navarra taldearen kontra jokatuko du Aralar Mendik, larunbatean, 17:00etan, Tuteran. Sailkapena ixten duten bi taldeen arteko lehia gogorra espero da. 

Xotak garaipenarekin ekin dio 2. faseari
Irurtzungo Xotak asteburuan ekin zion 2. faseari. Xotak 7E azpimultzoan jokatzen du eta larunbatean Itaroa Uharte hartu zuen, Atakondoan. Partida oso lehiatuan, 5 eta 4 irabazi zuten irurtzundarrek, Carlos Larraiozek (2), Andre Augusto Afonsok, Angel Maria Villar eta Josu Bergarak sartutako golei esker. Azken minutuan launa berdindu zuen Itaroa Uhartek, eta segundo batzuk beranduago, partidako azken minutuan lortu zuen Larraiozek garaipenaren bosgarren gola. 

Sailkapenean Garbayo Chivite Cintruenigo da lider eta Xota bigarrena, biak hiruna punturekin. Ostiralean, 20:00etan, hain zuzen ere Garbayo liderra hartuko du Xotak Atakondoan.