Korrika berezia pantailara

Guaixe 2021ko mar. 30a, 13:25
Uharte Arakildik abiatu zen Festaroren Korrika. FESTARO

Korrikarik gabeko urtean, Nafarroan barnako lasterketa berezia antolatu du ekoiztetxe batek eta martxoaren 31an, 21:30ean, www.festaro.es webgunean ikusteko aukera izanen da.

Pandemia egoerara egokitutako Korrika prestatu du Festaro ekoiztetxeak eta hura irudietan jaso du, Korrika, batu dezagun euskaraz izenburua duen lanean. Ikus-entzunezko horretako Korrika Uharte Arakilen hasiko da. Lehen pausoak Mikel Navarro kazetari aurkezleak emanen ditu, eta Iruñean bukatuko du ibilbidea. Eta bidean zehar Nafarroako hainbat tokitatik pasako da: Leitza, Mugiro, Burgi, Azkoien, Fontellas,  Erriberri, Erratzu… Herri bakoitzean entitate, erakunde, elkarte, ikastola edo bestelako erakundeetako ordezkariak izanen dira Korrikako petoa jantzi eta lekukoa eskutan eramanen duten protagonistak. Altsasuko kasuan Guaixe fundazioko bi kide izanen dira lekukoa eraman zutenak. 

Gaur, martxoaren 30, emititu behar zuten baina arazo teknikoengatik azkenean bihar, martxoaren 31ean, 21:30ean, emitituko dutela jakinarazi du Festarok. 

Ohi bezala, kamera aurreko errelebo lasterketa hori Nafarroa osotik pasa ondoren, Iruñeko akaberan, lekukoa zabaldu eta han jasotako mezua irakurriko da.