Koronabirusa Sakanan

Pandemiaren kontrako neurriei eutsi die Nafarroako Gobernuak

Guaixe 2021ko mar. 25a, 08:57

Bakaikuarrak San Benito erromeriatik herrira bueltan.

Foru administrazioak gaueko mugikortasuna, Nafarroako perimetroaren itxiera eta edukiera murrizteko neurriak apirilaren 9ra arte luzatzea erabaki du, baina COVID-19ak goranzko joeran jarraitzen badu neurriak zorroztea aztertuko du.

Nafarroako Gobernuak apirilaren 9ra arte (ostirala) luzatuko ditu herrialdearen perimetroaren itxiera, etxeratze-agindua eta edukiera murrizteko neurriak, baina COVID-19 izurriaren goranzko joerak jarraitzen badu neurriak zorroztea aztertuko du. Ildo horretan, gogora ekarri behar da Nafarroan azken 14 egunetan metatutako intzidentzia asteartean 166,46koa izan zela 100.000 biztanleko, Estatuko batez bestekoa (129,55 kasu) baino handiagoa.

Era berean, ostiral honetatik apirilaren 9ra, biak barne, aurreko astean ezarritako mugak berretsi dira: gehienez 6 pertsona eremu publiko irekietan egindako bileretan, 4 lokal publikoen barruan, bizikidetza-unitatea soilik topaketa pribatuetan, eta %30eko edukiera mantendu da ostalaritza-establezimenduen barruan eta, azkenik,  23:00etatik 06:00etara etxeratze agindua indarrean izanen da.

Azken asteko kasu positiboen gorakada ikusita, eta Espainiako Gobernuak eta autonomia-erkidegoetako ordezkariek Lurralde arteko Osasun Kontseiluan adostutakoarekin bat etorriz, Nafarroako Gobernuak birusari eusteko prebentzio-neurriak ziurtatzea erabaki du, eta gutxienez Aste Santuaren ondorengo astera arte luzatuko dira. Horrek guztiak ez du esan nahi egoera epidemiologikoa egunez egun aztertu behar ez denik eta pandemiaren goranzko bilakaerari eusteko neurri murriztaileagoak hartu behar ez direnik.

Ohiko galderen dokumentua
Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiaren bidez, hartutako neurriei buruzko galdera eta erantzun ohikoenei buruzko informazioa argitaratzen du. Dokumentu bat egin da gaztelaniaz eta euskaraz.


Asteburuan 35 ikasle konfinatu dituzte 
Foru administrazioak jakinarazi duenez, guztira 553 ikasle konfinatu dituzte Nafarroan San Jose zubian. Astelehenean 1.011 ikasle zeuden beren etxeetan isolatuta, hau da, ikasle guztien %1,63. Gelaka, 56 konfinatu daude 33 ikastetxetan, hau da, guztien% 1,6. Sakanari dagokionez, Lakuntzako Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako bigarren mailako 16 ikasle etxeratu zituzten, baita Altsasuko Sagrado Corazon ikastetxeko Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako beste 19 ikasle ere.