Taekwondoa

Irati Irigoien eta Erkuden Moreno, Nafarroako txapeldunak

Maider Betelu Ganboa 2021ko mar. 30a, 14:00

Senior Mailako Nafarroako Taekwondo txapelketa irabazi zuten Bargagain Taekwondo Taldeko bi sakandarrek. Aaron Rodriguezek eta Mohamed Essobaik brontzeko domina lortu zuten. Ikasturte zail honetan Bargagain Taekwondo Taldea aurrera egiten ari da eta pozik dago Gerardo Montero entrenatzailea

Taekwondo txapelketak hasiak dira, eta horrek guztiz motibatu ditu Bargagain Taekwondo Taldeko neska-mutilak. Taldeko entrenatzaile Gerardo Montero Riverak aipatu duenez, aurten neska-mutil gutxiagok eman du izena. “Dagoen egoera kontuan hartuta, normala da. Kirol gehienetan gertatu da hau. Aipatu digutenez, eskola adinean dauden neska-mutilen kirol hautaketak %40an egin du behera Altsasun. Ea gutxika egoera honetatik ateratzen garen” azaldu du. 

60 ikasle
60 ikasle inguru trebatzen dira aurten Bargagain Taekwondo taldean, eta horietatik 15 lehiaketa edo txapelketa taldean daude. Osasun neurriak beteaz, talde txikiagoetan ari dira lanean.“Talde handietan lan egitea gustuko dut, talde handitan sortzen den zalaparta hori, klaseak arinagoak direlako. Baina egoerara moldatu beharra dago. Nafarroako Gobernutik eskatutako arauetara moldatzea ez zaigu gehiegi kostatu, urte asko generamatzalako Osasunbideak eskatzen zizkigun arauak jarraitzen. Eta gure kirolak berak sustatzen dituen baloreak asko laguntzen digute” gaineratu du Monterok. 

Konfinamenduaren eragina
Konfinamenduak eragina izan duela ezin daiteke ukatu. Martxan daude eta hori da garrantzitsuena, taekwondoa kontaktu kirola dela kontuan hartuta, are gehiago. “Nafarroako Taekwondo Federazioak sekulako lana egin du lehiaketak eta txapelketak bueltatzeko, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean. Horrek nolabaiteko “normaltasun” batekin hastera lagundu gaitu;  lehiatzen ari gara eta gauzak ongi egiten ari gara” ondorioztatu du. 
Duela lauzpabost aste barru hasi ziren taekwondoko txapelketak, hasiera mailakatuan. Senior mailako konbateak hasi ziren lehenik eta behin. Ildo honetan, txapelketetarako protokoloa zorrotzagoa da. Klubek banatuta egiten dituzte beroketa lanak, eta tatamira sartu eta ateratzeko moduak egokitu behar izan dituzte. Kontaktuzko kirola denez, konbateak eta borrokak maskara jantzita egin behar dira. Baina eska-mutikoak egokitzen ari direla nabarmendu du Gerardo Monterok. 

Lehiaketan aritzen den taldea aurreko urteko ekainetik entrenatzen aritu da, baina lehen fasean, ekaina eta urria bitartean, ezin zuten elkarren artean kontakturik izan. “Azarotik aurrera hasi ginen taekwondoak berezkoa duen kontaktua eta konbateak lantzen, baina finean ia urte bat eman dugu txapelketarik gabe eta badaude gauza batzuk, nahiz eta asko entrenatu, berreskuratzea kosta egiten direnak. Lehiaketa mailak, orohar, zertxobait behera egin du, baina ez gure taldean soilik, orokorrean baizik. Fisikoki ongi egon zaitezke, baina kirolak duen alde taktikoa ez da behar bezala landu eta garatu. Gure lehiakortasuna berreskuratzeko lehiaketa errutina bat izatea beharrezkoa dugu, hilabete edo hilabete eta erdiro lehiaketaren bat izatea, eta ez soilik Nafarroan. Irteerak egin izan ditugu, baina aurten ezinezkoa da. Ea apirilean Alacanten jokatuko den Espainiako Txapelketan aritzeko aukera dugun. Baina, egia esan, zaila ikusten dut” aitortu du entrenatzaileak. 

Gerardo Montero: “Irati eta Erkuden adin txikikoak dira; senior mailan irabaztea itzela da”

Nafarroako txapeldunak
Otsailaren bukaeran jokatutako Senior Mailako Nafarroako Taekwondo Txapelketatik lau domina ekarri zituen Bargagain Taekwondo taldeak, lau taekwondolari zirela eta bakoitzak domina bana lortu zuela kontuan izanda, emaitza bikaina. Aaron Rodriguezek eta Mohamed Essobaik brontzezko domina bana lortu zuten, Aaronek 58-68 kilo arteko gizonezkoetan eta Mohamedek 58 kilo azpikoetan, eta Irati Irigoienek eta Erkuden Morenok urrezko domina bana, Iratik 57-67 kilo arteko emakumezkoetan eta Erkudenek 49 kilo azpikoetan. 

Beraz, Nafarroako txapeldunak ditugu Irati Irigoien eta Erkuden Moreno, Irigoien bigarrenez –2019an irabazi zuen lehen aldiz–, eta Moreno lehenengoz. “Emakumezkoen taldeak denbora gehiago darama emaitza onak lortzen eta taldea errotzen ari da. 14-15 urte zituztenetik sekulako maila ematen ari dira eta Nafarroako txapelketa garrantzitsuena irabaztea handia da beraiendako. Irati eta Erkuden Nafarroako selekzioko kideak dira, eta Irati teknifikazio programan dago. Besteak beste, 2018an Espainiako junior mailako txapeldunordea izan zen eta gero 21 urtez azpiko brontzezko domina lortu zuen, eta duen mailarengatik jaso du beka. Iruñean dago ikasketak egiten eta taekwondoan trebatzen” azaldu du Monterok, pozik. 

Mutilak orain hasi dira gora egiten. “Kontuan hartu behar da gure lau seniorrek, mutilak eta neskak, adinez txikikoak direla eta, hortaz, senior mailan dominak lortzea itzela dela. Iratik 17 urte ditu, Erkudenek 15, gainontzekoak ere adin horretan daude… eta hiruzpalau urte barru zentratu beharreko txapelketan halako emaitzak lortzea handia da” aitortu du Monterok. 

Larunbatean, Kadeteen Taekwondo Txapelketa
Martxoak 27, larunbata, Kadeteen Mailako Nafarroako Taekwondo Txapelketa jokatuko da. Bargagain Taekwondo Taldeko 6 borrokalarik parte hartuko dute. Emakumezkoetan Leire Etxaniz, Aiala Dorronsoro eta Rania Mabchour ariko dira –Rania 2019an Espainiako txapeldunordea izan zen haurren mailan–, eta gizonezkoetan Joseba San Miguel, Hugo Rodriguez eta Aiman Sbai. Ea esperientziarekin gozatu eta lan ona egiten duten.

Gerardo Montero: “Epe luzera borrokalari onak izateko trebatzen ditugu”

Epe luzera
Gerardo Monterok epe luzera egiten du lan. “Epe luzera borrokalari onak izateko trebatzen ditut. Haur mailan, kadeteetan... emaitzak lortzen hasten dira eta hor daude, baina garrantzitsuena etorkizunean borrokalari onak izatea da, junior, senior edo 21 urtez azpikoen mailan trebe izan daitezen. Bestalde, emaitza onak izanez gero kirol beka bat lortu daiteke eta hori sekulako pizgarria da” nabarmendu du. 

Urteekin taekwondoa aldatu dela uste du Monterok. “Egia esan, taekwondoa lehenago martzialagoa zen, baina zerbait profesionalagoan bilakatu da, metodologikoki zerbait ikertuagoan. Klase gehienetan oinarrizko kirola lantzen ari gara; taekwondoko kontzeptuak sartzen ditugunean martzialtasun hori egon, badago, baina ez da duela urte batzuk zena, inola ere” dio entrenatzaileak.