Pilota

Binakakoan guztia dago erabakitzeko

Guaixe 2021ko mar. 26a, 13:00

Aurtengoa aspaldiko Binakako irekiena ari da izaten. Bi jardunaldiren faltan, oraindik ez da inor finalerdietarako sailkatu –Elezkanok eta Zabaletak gaur dute aukera– eta bikote guztiek dute aukera finalerdietarako play-offetarako sailkatzeko

Ez dakit orain arteko Binakakorik zirraragarrienetakoaren aurrean gauden. Bai, ordea, irekiena. Hasierako ligaxka despeditzeko bi jardunaldiren faltan, oraindik ez da finalerdietara inor sailkatu –sailkapeneko lehen bi bikoteak sailkatuko dira zuzenean finalera– eta parte hartzen ari diren 8 bikoteek dute finalerdietako play-offetarako –sailkapeneko 3. postutik 6. postura– sailkatzeko aukera. Hortaz, hil ala biziko bi asteburu pilotazaleren aurrean gaude. 

Binakako hasierako ligaxkako sailkapenari dagokionez, 11 jardunaldi jokatuta Elezkano II.a eta Zabaleta dira liderrak (9 puntu). Peña II.a-Albisuk eta Altuna III.a-Mariezkurrena II.ak 8na puntu dituzte, Olaizola II.a-Rezustak 6 puntu, Urrutikoetxea-Imazek eta Ezkurdia-Ladis Galarzak bosna puntu, Jaka-Martijak lau puntu eta Artola-Arangurenek 3 puntu. Hortaz, aukera guztiak zabalik daude.

Zabaletak sailkatzeko gogoa du
Elezkano II.ak eta Zabaletak Urrutikoetxea eta Imaz izanen dituzte aurkari gaur, ostirala, Urretxun (22:00etan, ETB1). Irabaziz gero, zuzenean finalerdietara sailkatuko litzateke Elezkano eta Zabaleta, eta fabore ederra egingo lieteke play-off postuetan sailkatzeko borrokan dauden Ezkurdia-Galarzari eta Jaka-Martijari. Aurreko ostiralean Peña II.aren eta Albisuren kontra galtzetik datoz Elezkano eta Zabaleta, baina faborito argiak dira. Hala ere, liderrak ez dira fio eta neurketa zaila izango dela ez du inork zalantzan jartzen. 

Martijak konfiantza berreskuratu du
Jakak eta Martijak euren laugarren final jarraitua jokatuko dute. Larunbatean, Lekeition, Artola eta Aranguren izango dituzte aurkari final kutsua duen partidan (17:00etan, ETB1). Bi bikoteendako hil ala biziko partida da, jokoan dagoen puntua ezinbestekoa baita play-offetan sailkatu nahi badute. Jakak eta Martijak azken hiru partidak irabazi dituzte –larunbatean ikusgarri aritu ziren eta 22 eta 19 irabazi zieten Olaizolari eta Rezustari partida historikoan–, hilzorian egotetik gora egin dute nabarmen eta Tafallako partida inflexio puntua izan zela oso argi dute. 

“Beste bikote bat gara. Konfiantza ezinbestekoa izan da. Bagenekien gure arazoen konponbidea partida bat irabaztea zela, eta Tafallakoa irabazi genuenetik gora egin dugu, eta animoan eta konfiantzan gorakada ekarri digu. Oraindik bi final ditugu aurretik, irabazi beharreko bi final” nabarmendu zuen Martijak material aukeraketan. 

Ezkurdiak ilusioa du
Ezkurdiak eta Ladis Galarzak Olaizola II.a eta Rezusta izanen dituzte aurkari astelehenean Zumaian (22:30, ETB1). Bi bikoek puntu baten aldea dute eta jokoan dagoena lortu nahi dute. Ezkurdia eta Galarza Logroñon sekulako erakustaldia ematetik, bikote ona osatzetik eta sentsazio onak berreskuratzetik datoz (11 tantotan utzi zituzten Artola eta Aranguren), eta gogotsu daude. “Beste bi final dira geratzen zaizkigunak, zaila dugu, baina ilusioa dugu Txapelketa bukaera gogorra izango da, tentsio askokoa, baina polita.” azaldu du Ezkurdiak. 

Azkenik, igandean Eibarko Astelehenak Altuna III.a-Mariezkurrenaren eta Peña II.a-Albisuren arteko lehia hartuko du (17:00etan, ETB1). Sailkapenaren goi aldean daude bi bikoak, eta iraztea, ez dute besterik buruan.