Osasun etxe parean hitzordua

Guaixe 2021ko mar. 30a, 09:21
Irurtzungo osasun etxe parean joan den asteazkenean egindako bilkura. Argazkia: Utzitakoa.

Bihar, 11:00etan, Irurtzungo, Etxarri Aranazko eta Altsasuko osasun etxeen parean kontzentratzera deitu dute, lehen arretako osasun maila egokia eskatzeko 

Nafarroako Osasun Plataformak deituta hilabeteko bosgarren kontzentrazioa eginen da herrialdeko osasun etxeen parean asteazkenean. Santos Indurain Orduna kontseilariak Lehen Mailako Arretaren eta Arreta Komunitarioaren ekintza-plan orokorra aurkeztu zuen hilaren 18an. Lehen Arretako erronka izeneko planarekin oso kritiko dira plataformako kideek: “aurkezpena gutxi zehaztutako asmoen adierazpen hutsa izan zen, eta gutxi zehaztuta zeuden ekintza- edo kudeaketa-neurrietan. Ez da onargarria, une honetan, ekarpenei irekitako dokumentu bat proposatzea. Lehen Mailako Osasun Arretak pairatzen duen okertze larriari irtenbideak emateko unea da!”

Plataformako kideen iritziz, “beharrezkoa da Osasun Departamentuak egindako plan horrek norabide aldatu eta orain arteko ildoari uko egin behar dio. Hitz hutsetan geratu beharrean, ekintzetan eta konpromisoetan islatu behar da: epe laburretan egin beharreko konpromiso zehatzak eta egungo arazo larrienei zuzenean lotutako berehalako neurriak. Azken batean, eredu integral baterantz aurrera egin behar du, ez bakarrik asistentziarantz. Gehiegi atzeratzen ari gara, neke orokor bat jasaten ari gara eta neke hori ondorio larriak eragiten ari zaigu”. 

Gaineratu zutenez, “norabide aldaketarik ez badago, Osasun Departamentuaren erantzukizuna izanen da Nafarroako Oinarrizko Osasun Laguntzaren galbideari babesa eman izana. Departamentuarena izanen da kudeaketa- eredu teknokratiko eta ekonomizista bati eutsi izanaren erantzukizuna, pertsonen gorputz eta buru osasun premien gainetik jarri baititu zenbakiak eta teknologiak”. 

Aurkeztutako planean telelaguntza arreta-eredu gisa segituko duela jakinarazi zuen kontseilariak. Plataformako kideek uste dutenez, “ez dute kontuan hartzen planteamendu horrekin arrakala handitzen ari direla teknologian, ekonomian, gizartean eta lurraldean. Izan ere, kontuan izan behar dugu herritar guztiak ez daudela prestatuta tresna telematikoak erabiltzeko, eta ez dutela dirurik tresna horiek erosteko. Gainera, hobekuntza teknologikoak isolamendua ordeztu dezakeelako ustea onartzen badugu, gero eta handiagoa izango da landa- eremuetakoak arreta eman gabe uzteko arriskua”. 

Horregatik, plataformako kideek “langile eta herritar guztiak deitu ditu asteazkeneroko elkarretaratzeetan parte hartzera”. Gaineratu dutenez, “aldaketarik ez badago, beste protesta modu batzuk erabaki beharko ditugu, eta horretarako, zuen proposamenak guri bidaltzeko gonbidapena egiten dizuegu”.