Aralar mendian barna, Etxeberri eta Lekunberri artean gasbidea egitea aurreikusia dago. Lan horiek mendiaren hego ekialdean sortuko lituzkeen eraginak ezagutzeko bigarren mendi martxa antolatu du Aralar zain dezagun! Gasbidea hemendik ez! plataformak. Zehazki, larunbateko mendi martxaren ardatza gizakiaren eta naturaren arteko harremanak izanen dira. Hau da, gasbidearen lanekin kaltetuak izan daitezkeen ur baliabideak (akuiferoak, Latasako baltsa, lezeak, iturriak…) eta arkeologia eta etnografia aztarnak (trikuharriak, hezurtegiak, larrainak, bordak, sarioa, txondor plazak…) ezagutzeko aukera izanen da. Horren berri, ibilaldian parte hartuko duten biologoak eta historialariak emanen dute.
Gasbidearen proiektua Nafarroako Gobernuaren Nasuvinsa enpresa publikoak sustatu du. Helburua Lekunberri gasez hornitzea da. Eta horretan ados daude Larraungo eta Arakilgo udalak eta Etxeberriko, Egiarretako eta Etxarrengo kontzejuak. Batere gustuko ez dutena aukeratutako ibilbidea da, gasbidea Aralar mendian barna eramatea. Gasbidea Plazaola trenbidea zenetik eraman daitekeela uste dute udal eta kontzejuetan, baita plataformak ere. Azken horretako kideen arabera, “indarrean dagoen proposamenaren izapidetzea irregulartasun larriak daude eta ingurumen eragina nabaria da”.
Gasbidea nondik pasako litzatekeen bertatik bertara ezagutzeko antolatutako bigarren ibilbidea da larunbatekoa. Azaroaren 29an 80 pertsona elkartu ziren eta Madotz eta Astiz arteko bidea egin zuten.