Euskararen lekukoa kalera aterako du AEK-k

Guaixe 2021ko mar. 26a, 14:49
Korrikaren ordez AEK-k ekitaldia antolatu du iganderako Etxarri Aranatzen.

Igandean, 12:00etan, Etxarri Aranazko plazan ordu erdiko ekitaldia eginen du, “euskaltegien aldeko bultzada kalean egon dadin”. 

22. Korrikak bukatu beharko lukeen garaian Euskal Herriko 80 herrietan AEK-k ekitaldiak antolatu ditu. Igandean, 12:00etan, izanen dira ekitaldi horiek eta Sakanakoa Etxarri Aranatzen eginen du AEK-k. Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! izeneko dinamikaren barruan antolatu diren ekitaldiak dira, aurten ere euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko. Dinamika horren barruan, AEKri Korrikak aurten ez antolatzeak sortu dion zorpetzea konpentsatzeko diru bilketa egiten ari dira eta www.aek.eus webgunearen bidez egin daitezke diru ekarpenak.

Sakanako AEK-ko arduradun Patxi Flores Lazkozek jakinarazi duenez, “ekitaldi xumea” izanen da igandekoa. Alde batetik, Itziar Nazabal margolariak koadroa margotuko du zuzenean, bestetik bertsolariak eta txalapartariak izanen dira. Ekitaldian zehar AEK-k bere mezua irakurriko du eta guztia borobiltzeko bi kanta abestuko dira: “Euskal Herrian Euskaraz” kantu ezaguna, eta, bestetik, egun iganderako propio sortu den “Lekukoa mingaina” bertso-rapa.

Bestalde, AEK-ko arduradunak azaldu duenez, “mota guztietako eragileekiko lan-ildo komun bat ere jorratzen ari gara. Gobernuek eta herritarrek jokatzen duten rolaz aparte, eragileek ere paper garrantzitsua dutelako helduen-euskalduntzean”. Aurreratu duenez, apirila akaberarako Bultza euskaltegiak! dinamikaren barruan, gutun bat bidaliko diete Euskal Herriko administrazio nagusiei, datozen urteetan euskalduntze-mugimenduak nolako baldintzak izan behar dituen jasota.