Pilota

Ezkurdiak gaur irabaztea da asteburua borobiltzeko falta den bakarra

Guaixe 2021ko mar. 29a, 12:45

Elezkano eta Zabaleta Binakako finalerdietarako sailkatu dira zuzenean, Jakak eta Martijak finalerdietarako play-offetan egoteko borrokan jarraitzen dute eta Ezkurdiak eta Ladis Galarzak borroka horretan egoteko gaur, Zumaian, Olaizola eta Rezusta mendean hartu beharko dituzte

Binakako Txapelketako azkenaurreko jardunaldiak emozioa besterik ez du ekarri. Bikote bakarra sailkatu da finalerdietarako: Elezkano II.a eta Zabaleta liderrak (10 puntu). Gainontzeko guztia zabal-zabalik dago. Sailkapeneko 3. eta 6. postuen artean sailkatzen diren bikoteek borroka gogorra dute aurretik. Tartean daude Jaka-Martija eta Ezkurdia-Ladis Galarza. 

Elezkano eta Zabaleta zuzenean finalerdietan
Ostiralean, garaipen garrantzitsua lortu zuten Elezkano II.a-Zabaletak Urrutikoetxea eta Imaz ordezkatu zuen Aretxabaletaren kontra. Partida gogorrean liderrek aginte makila hartu eta ez zuten arazo gehiegirik izan Baikoko bikoa jokoz kanpo uzteko. Horrela, 13 eta 22 gailendu ziren Elezkano II.ak eta Zabaletak eta sari gozoa lortu zuten: Binakako finalerdietara zuzenean sailkatzea. 

Jaka-Martijaren lezioa
Larunbatean Lekeitiok final kutsua zuen partida hartu zuen, Jaka-Martijaren eta Artola-Arangurenen artekoa. Jokoan zegoen puntua erabakigarria zen, bi bikoek behar beharrezkoa baitzuten finalerdietako play-offetan sailkatzeko bidean. Jakak eta Martijak sekulako errezitaldia eman zuten hasiera-hasieratik. 7 eta 0 aurreratu ziren eta Artola eta Aranguren goitik behera dominatu zituzten. Erik Jakak aginte makila hartu zuen eta Artola neutralizatu zuen. Martija animatu zuen behin eta berriz, Etxeberriko atzelaria ere bikain aritu zen eta 20 eta 3 aurreratu ziren, Baikokoek zer gertatzen ari zen ere ia konturatu gabe. Azkenean, Baikokoek emaitza zertxobait makillatzea lortu zuten baina Jakak eta Martijak garaipen ederra lortu zuten, 22 eta 8. Finalerdietako  play-offetako borrokan segitzen dute, eta oso kontuan hartzeko bikoa direla erakusten ari dira. Fenix hegaztia bezala, euren errautsetatik berpiztu dira. 

Ezkurdiaren eta Ladis Galarzaren aukera
Ezkurdiak eta Ladis Galarzak Olaizola II.a eta Rezusta izanen dituzte aurkari gaur, astelehenean Zumaian (22:30, ETB1), Binakako hasierako ligaxkako jardunaldia ixten duen partidan. Bi bikoek puntu baten aldea dute eta gaur jokoan dagoena lortu nahi dute. Ezkurdiak eta Ladis Galarzak irabazten badute, play-offetan sailkatzeko borrokan jarraituko lukete; aldiz, galduz gero, Jaka eta Martija sailkatuko lirateke zuzenean play-offetarako. Hortaz, hil ala biziko partida da hau Ezkurdiarendako eta Ladis Galarzarendako.