Txirrindularitza

Batcho taldeko Roberto Ramosek irabazi zuen Altsasuko 62. Erramu Trofeoa

Guaixe 2021ko mar. 31a, 11:30

Probak inoizko partaidetzarik onena izan zuen, 177 txirrindulari junior aritu baitziren

Eguraldia lagun, igandean Altsasu Kirol Elkarteak antolatutako 62. Erramu Trofeoa jokatu zen, juniorren mailako 88 kilometroko proba. Inoiz baino partaidetzarik handiena izan zuen probak, 177 txirrindularik hartu baitzuten irteera, horietatik asko Euskal Herritik kanpokoak. Izan ere, hemendik kanpo ez dira lasterketa asko jokatzen ari eta lehiatzeko gogotsu daude txirrindulariak. 

Altsasuko Erramu Trofeoan Altamira hiru aldiz gainditu behar izan zuten txirrindulariek, azken bi igoerak jarraian. Azkenean Bathco taldeko Roberto Alonsok lortu zuen garaipena (2:03:04) atzeko tropeltxoari segundo bat aterata. Javier Zaeda (Huesca La Magia) bigarrena izan zen eta Jugo Badora(Albi Velo Sport) hirugarrena. Mendiko trofeoa Eolo Cometa taldeko Antonio Gonzalezek lortu zuen, tarteko helmugena Recambios Callejo taldeko Marcos Gomezek eta taldekako sailkapena Integrale Bicycle Club Isle Jourdain taldeak. 

Sakandarrei dagokienez, Ander Villalobos (Q. Albeniz) 28. postuan sartu zen, Sergio Lopez 34. (Q. Albeniz), Oihan Etxeberria (Q. Albeniz)  72. eta Jon Koldobika Urrusolo (Sakana G.) 91. 

Kadeteetan Asier Etxeberria zazpigarrena Tafallan
Kadeteek Nafarroako egutegia mustu zuten larunbatean Tafallan. 53 kilometroko Trofeo El Caserio Valsay lasterketa oso gorabeheratsua izan zen, eta azkenean 34 taldeko taldea iritsi zen batera helmugara. Esprintean Integrale Bycicle Club taldeko Neria Meunier gailendu zitzaion Gama Muruzabal taldeko Raul Ostizi eta Ega Perfil taldeko Iker Villarri. Quesos Albenizko Asier Etxeberria Top-Tenean sailkatu zen. Seigarrena sartu zen. Nahia Imaz (Nafarroa Ermitagaña) 19. postuan sartu zen sailkapen orokorrean, emakumezkoetan hirugarrena eta bigarren juniorra. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Iker Agudelo (Q. Albeniz) 20. izan zen, Mikel Regil (Q. Albeniz) 22., Manex Zufiaurre (Sakana G.) 28., Gabriel Irurtia (Sakana G.) 30., Iker Gomez (Q. Albeniz) 31. eta Adrian Martinez (Sakana G.)34.