Pilota

Gaur hasiko da 39. Irurtzun Pilota Txapelketa

Guaixe 2021ko api. 5a, 12:00
2020ko Irurtzun Pilota Txapelketako senior mailako finalistak.

Irurtzun Klubak ahalegin berezia egin du txapelketa aurrera ateratzeko: gizonezkoetan 12 bikote lehiatuko dira,  emakumezkoetan 4 bikote eta Binakako Torneoan 9 bikote , afizionatuen mailako pilotari  nafar onenak. Gaur, apirilak 5, atarikoa jokatuko da, 16:30etik aurrera, Biaizpe pilotalekuan

Kantuak dioenez ez dira betiko garai onenak, baina Irurtzun Pilota Klubak ez du etsi eta Irurtzun Pilota Txapelketa antolatzeko ahalegin aparta egin du Miguel Berazak zuzentzen duen klubak. Horrela, apirilaren 5ean hasiko da 39. Irurtzungo Pilota Txapelketa, eta bertan Nafarroako pilotari amateur onenak ariko dira. Irurtzun Pilota Klubak txapelketa antolatzeko babesleen laguntza ezinbestekoa izan dela nabarmendu du, eta Lacturaleren, Lakitaren, Neumaticos Iruñaren, Manfisaren, Irurtzungo Udalaren eta Nafarroako Pilota Federazioaren babesa eskertu du. 

Gizonezkoen txapelketan 12 bikotek hartuko dute parte, 4 multzotan banatuta. A multzoan ondoko bikoak ariko dira: Espinal-Arbizu, Antso-Beroiz eta Canabal-Azanza eta Lansalot-Gurreak jokatuko duten atariko irabazleak; B multzoan Elizalde-Bergera, Nazabal-Gaskue eta Iriarte-Alduntzin eta Murgiondo-Telletxeak jokatuko duten atariko irabazteak; C multzoan Olaetxea-Aldabe, Ongai-Apezetxea eta Arribillaga-Iturriaga; eta D multzoan Retegi Bi-Lazkoz, Armendariz-Irurita eta Laso-Garatea eta Goñi Peñasek jokatuko duten atariko irabazleak. 

Emakumezkoen torneoan 4 bikotek hartuko dute parte: Iera Agirre-Naroa Elizalde, Andrea Aldaregia-Olatz Ruiz de Larramendi, Irantzu Etxebeste-Maite Ruiz de Larramendi eta Laia Salsamendi-Ane Mendiburu. 

Irurtzunen eta Labriten
Hain zuzen ere apirilaren 5ean, astelehenarekin, jokatuko dira atariko hiru partidak Irurtzungo Biaizpe pilotalekuan, 16:30etik aurrera: Canabal-Azanza vs Lansalot-Gurrea, Iriarte-Alduntzin vs Murgiondo-Telletxea eta Armendariz-Irurita vs Laso-Garatea. Irabazleak txapelketarako sailkatuko dira. Txapelketa ligaxkan jokatuko da, eta multzo bakoitzeko bi bikote onenek final laurdenetarako txartela lortuko dute. Aipatzekoa da partidak Irurtzungo Biaizpe pilotalekuan jokatuko direla, apirilaren 16an, 23an, 30ean eta maiatzaren 7an, 14an eta 21ean Iruñeko Labriten jokatuko direnak izan ezik. Final handiak maiatzaren 29an jokatuko dira, Irurtzunen. Pandemia dela eta, eta azken orduko aldaketarik ezean, ikusleen tokia %30ekoa izanen da. 

Binakako Torneoa
Irurtzun Pilota Txapelketarekin batera, Binakako Torneoa jokatuko da. Ondoko bikoteek hartuko dute parte: Oskoz-Cordon, Aristegi-Ballarena, De la Fuente-Azpiroz, Igoa-Santamaria, De la Torre-Garces, Loiarte-Oskoz eta Irurtzun Pilota Txapelketako atariko irabazleak. 

Irurtzun Espainiako Kluben Arteko Buruz Buruko azken faserako sailkatu da
Irurtzun Pilota Klubak Espainiako Kluben Arteko Buruz Buruko Txapelketan hartu du parte. Buruz Buruko Txapelketan ongi ibili da talde sakandarra, Urtzi Nazabal eta Retegi Bi izan dira Irurtzungo ordezkariak, eta martxoaren 9an, 10ean eta 11n jokatuko den azken faserako Irurtzun kluba sailkatzea lortu dute. Aldiz, Espainiako Kluben Arteko Binakakoan Irurtzunek ez da horren fin ibili eta klub sakandarra ez da Binakako azken faserako sailkatu. 

Irurtzun Pilota Txapelketa. Atarikoa
Apirilak 5, astelehena, 16:30ean, Irurtzunen
Iriarte-Aldutzin / Murgiondo-Telletxea 
Canabal-Azanza / Lansalot-Gurrea
Laso-Mina / Goñi-Peñas