Apirilaren 7an Osasun Eskubidearen Nazioarteko Eguna dela aintzat hartuz, geure buruari galdera hori egin behar genioke. Erantzuna teorian baiezkoa litzateke; BAI, denok dugu osasun eskubidea. Arazoa, ordea, eskubide unibertsal hau edozein herrialdetako norbanakoei berdin aplikatzen ez zaienean dator.
Hori horrela izanik, SARE Herritarreko kide gisa, larriki gaixorik dauden euskal presoek bizi duten egoerari erreparatu nahi diogu. Urrunketa eta salbuespenezko politikaz gain, presoei duten gaixotasuna euren etxekoen ondoan artatzeko eskubidea ukatzen zaie-eta. Jon Gurutz, Josetxo, Iñaki, Ibon… izen zerrenda luze bat osa genezake. Honenbestez, entzutegiek ezarritako zigorraz gain, presoek pairatzen duten oinarrizko eskubideen urraketa azpimarratu beharra dugu.
Horretaz gain, zigor kodeak eta Espainiako espetxe legediak egoera berezietarako baldintza bereziak kontuan hartzen dituela gogorarazi nahi dugu. Esaterako, larritasun handiko eritasunak edo sendaezinak dituzten gaixoena, baita 17 euskal presoena ere, hortaz. Baldintza berezi horiei helduz, gaixotasunaren beharrezko txostenarekin eta presoaren sailkapena kontuan izan gabe, hirugarren graduan beharko lukete, arazo humanitarioak eta pertsonaren duintasuna tarteko. Eta noski, baita justiziagatik ere, horrela jasotzen baitu espetxe araudiko 100.4 artikuluak. Are gehiago egun bizi dugun pandemia egoera honetan.
Egia da zigorturik dagoen eta gaixotasun larri bat duen preso baten kaleratzeak ez duela sendaezina den gaitz baten sendatzea ekartzen, baina horren hobetze eta garapenaren moteltze nabarmena dakar, zalantzarik gabe. Izan ere, profesionalek artatzea eta presoaren giro zein ingurunearen aldaketak modu positiboan eragingo du gaixotasunaren garapenean.
Beste behin, SAREk honako hau azpimarratu nahi du: legediaren aplikazioa ez da inolaz ere estatuaren amore emate gisa ulertu behar. Hau da, larriki gaixorik dauden presoen kaleratzea ez da amore ematea, euren eta Europaren legedia betetzea baino ez da.
DUINTASUNAGATIK, GIZATASUNAGATIK ETA JUSTIZIAGATIK LARRIKI GAIXORIK DAUDEN PRESOEK ETXEAN EGON BEHAR DUTE. Bizirik eta etxean nahi ditugu!