Pilota

Binakakoan kalkulagailuak martxan jartzeko unea iritsi da

Guaixe 2021ko api. 2a, 12:00

Binakako ligaxkako azken jardunaldiko lau partidetan dago zerbait jokoan. Bi borroka daude: Elezkanorekin eta Zabaletarekin batera zuzenean finalerdietarako nor sailkatuko den; eta zein 4 bikote sailkatuko diren finalerdietako play-offetarako. Ezkurdia eta Martija azken borroka horretan daude

Nahita prestatuta ere ez litzateke horren ongi aterako. Asteburuan Binakako ligaxkako azken jardunaldia jokatuko da eta lau partidetan egongo da zerbait jokoan. Sailkapenari begiratuta, Elezkano II.a eta Zabaleta dira lehenak (10 puntu) eta zuzenean finalerdietarako sailkatu den bikote bakarra. Peña II.a eta Albisu dira bigarrenak (9 puntu), Altuna III.a eta Mariezkurrena hirugarrenak (8 puntu), Olaizola II.a-Rezusta eta Ezkurdia-Ladis Galarza laugarrenak eta bosgarrenak, seina punturekin, Jaka-Martija eta Urrutikoetxea-Imaz seigarrenak eta zazpigarrenak, bosna punturekin, eta Artola-Aranguren zortzigarrenak, 3 punturekin. Peña-Albisu eta Altuna-Mariezkurrena 2. sailkatu eta zuzenean finalerdietara sailkatzeko borrokan daude, eta beste borroka handia finalerdietako play-offetan sailkatzekoa da, hau da, sailkapeneko 3. eta 6. postuen artean egotea. Artola eta Aranguren izan ezik, gainontzekoek dute aukera. Beraz, emozioak azken partidara arte iraunen du. 

Labritekoa erabakigarriena izanen da
“Borroka betean gaude eta pilotazaleendako txapelketa bukaera ederra ari da izaten, emozio handikoa” adierazi zuen Ezkurdiak astelehenean ikusgarri aritu eta garrantzi handiko garaipena lortu eta gero. Eta aurrelari arbizuarrak arrazoi osoa du. 

Ostiralean Elezkano II.ak eta Zabaletak Olaizola II.a eta Rezusta izango dituzte aurkari Bilbon (17:00ean, ETB1). Aspekoak finalerdietan daude, baina irabaziz gero, mesede ederra eginen liekete Ezkurdia-Galarzari eta Jaka-Martijari, play-offetako borroka horretan. 

Partida erabakigarrienetakoa larunbatekoa izango da. Jakak eta Martijak Peña II.aren eta Albisuren kontra jokatuko dute Labriten (17:15ean, ETB1). Partida honetan bi txartel daude jokoan. Bata, zuzenean finalerdietan sartzekoa, Peña II.ak eta Albisuk jokoan dutena. Eurek irabazten badute zuzenean sailkatzeko aukera asko lukete, beti ere Altuna-Mariezkurrenaren emaitzaren eta partidetako tanteoaren arabera. Bestela, play-offetarako sailkatuko lirateke. Aldiz, Jaka eta Martija irabazi beharrean daude play-offetarako sailkatzeko. “Txapelketa polita ari da izaten. Tentsiorako uneak dira, denok bizi nahi ditugunak” azaldu zuen Jakak, eta presioa Peña II.aren eta Albisuren gainean jarri zuen. “Galduz gero, play-offak dituzte, baina hor gehiago dute galtzeko irabazteko baino” nabarmendu zuen Lizartzakoak. 

Larunbatekoak eragina izango du ondoren jokatuko diren beste bi partidetan. Igandean Ezkurdiak eta Ladis Galarzak Urrutikoetxea eta Imaz ordezkatuko duen Aretxabaleta izanen dituzte arerio Zarautzen (17:00etan, ETB1). Ezkurdiak eta Ladisek irabazten badute, play-offean izango dira. Galtzen badute, play-offetan sailkatu ahal izateko bezperan Jakak eta Martijak galtzea beharko lukete. “6 punturekin sailkapenean laugarrenak gara baina zazpigarren sailkatzeko arriskua dugu azken jardunaldian. Play-offetako formatu honekin txapelketa bukaeraraino irekia dago eta pilotariek ere beste tentsio, gogo eta intentsitate gehiagorekin entrenatzen dugu. Ea sentsazio onekin jarraitzen dugun eta partida irabazterik dugun” adierazi du aurrelari arbizuarrak. 

Bukatzeko, astelehenean, Amezketan, zuzenean finalerdietara sailkatzea jokoan duten Altuna III.a-Mariezkurrena II.aren eta txapelketan aukerarik gabe dauden Artola-Arangurenen arteko partida jokatuko da (22:30ean, ETB1). 

Beraz, azken unera arte ez da jakingo zein bikotek lortuko duten finalerdietara zuzenean sailkatzea eta finalerdietarako play-offetan sailkatzea. Tentsioa eta urduritasuna handia da. Sailkapenean lau bikote geldituko balira seina punturekin berdinduta, lau horiek elkarren artean jokatutako partidak hartuko lirateke kontuan tanteoa egiteko. Beraz, kalkulagailua martxan izan beharko dugu.