Gimnasia erritmikoa

Iskiza Sakanako kimu berriak

Maider Betelu Ganboa 2021ko api. 6a, 13:00

Talde sakandarra ongi aritu Espainiako Gimnasia Erritmikoko Txapelketan eta Nafarroako Kirol Jolasetako 1. jardunaldian. Gimnasta gehienak txapelketetan mustu dira, eta dakitena ongi erakutsi dutela diote entrenatzaileek

Iskiza Sakana Gimnasia Erritmikoko taldeak berriki hasi dira txapelketetan parte hartzen. Urte zaila izan da aurtengoa, baina buelta eman diote. “Aurreko udan Espainiako Txapelketetan parte hartu behar zuten gimnastekin lanean hasi ginen. Gainontzekoak urrian hasi ziren, ikasturte hasieran” azaldu digu Iskiza Sakana taldeko Olaia Agirre Rodriguez entrenatzaileak. Agirrerekin batera Olaia Granizo, Maria Remolina eta Ainhoa Imaz dira Iskiza Sakanako entrenatzaileak. 

Aurten 24 gaztetxo trebatzen ari dira Iskiza Sakana gimnasia erritmikoko eskolan. Pandemia dela eta, lau taldetan banatu dituzte, gehienez talde bakoitzean 6 aritu ahal direlako. “Ikasle gutxiago daude aurten, aforo mugengatik; jendea kanpoan geratu behar izan da, pena handiz. Ordutegiak ere asko murriztu behar izan ditugu, ikasle gehiago sartu ahal izateko. Denboraldi hasiera ez da batere erraza izan, batez ere beraiendako” dio Olaia Agirrek. 

Olaia Agirre: “Iskizak landutakoa oso ongi defendatu zuen Espainiako Txapelketan”

Gimnasia erritmikoko eskolaz gain, Iskizako txapelketa taldeak daude. Espainiako Txapelketetara aurkezten den taldean 6 gimnasta daude, eta kadete mailako taldea da. Hauek dira taldeka entrenatu ahal duten bakarrak. Bestalde, Nafarroako Kirol Jolasetako taldean 15 gimnasta trebatzen dira, aurre benjamin mailatik hasi eta junior mailaraino; hau da, 8 urtetatik 16 urteraino. Kasu honetan, banakako koreografiak landu dituzte, ezin izan dute taldeka lan egin. Eskola eta lehiaketa taldeak kontuan hartuta, guztira 45 gaztetxo trebatzen dira Iskizan. 

Martxan daude, eta hori da garrantzitsuena. “Udan zalantzak nituen, hasiko ote ginen. Hemen egotea eta txapelketetan hasi izanagatik pozik gaude” dio Olaia Agirrek.  

Kadeteak ongi Espainiakoan
Martxoaren 15ean Espainiako Txapelketa jokatu zen Valentzian, eta bertan Iskiza Sakanako maila nazionaleko taldea aritu zen. “Beraiendako Espainiako Txapelketako lehendabiziko txapelketa zen, eta helburua ez zen emaitzak lortzea, esperientzia hartzea baizik. Udatik martxora bitartean egindako lana erakustea lortu zuten; ardura handia zen eurendako, eta lortu zuten. Oso pozik gaude eta daude egin zuten lanarekin” nabarmendu du Agirrek. Pilotarekin eta mazekin aritzea egokitu zitzaien, eta koreografia polita eta animatua aurkeztu zuten. 

Espainiako Txapelketan denetariko maila dagoela azaldu du Agirrek. “Asko nabarmentzen diren taldeak daude, izena ere badutenak. Esaterako Madrilen sekulako maila dago, eta Valentziak, Kataluniak eta Kanariar Irlek ere maila handia dute. Iskiza Sakana erdialdean dago, gorantz. Esan beharra dago lan duina egin genuela. Eta ez zen batere erraza izan, egoeragatik. Hasiera batean txapelketa ilbeltzean zen jokatzekoa, eta hara abiatu baino hiru egun lehenago esan ziguten txapelketa atzeratu behar zela. Ez genekien noiz izanen zen, eta datarik gabe lan egitea ez zen erraza izan, baina gimnastek egoera nahiko ongi eraman zuten” dio Agirrek. 

Hurrengo erronka, ekainaren lehenengo astean jokatuko den Espainiako Kopa da. Espainiako Txapelketa horrenbeste atzeratu zenez, denbora gutxi dute prestatzeko, baina lana ahalik eta hobekien prestatzen saiatuko dira Iskiza Sakanakoak. Uztaiekin aritzea egokitu zaie, eta bost uztaiekin landu behar dute euren koreografia. Kopa pasata, abendura arte ez dago Espainiako beste txapelketarik. 

Aparatu zailenak zein diren galdetuta, akaso zintak eta mazak zailenak direla aitortzen du Agirrek. “Gero bakoitzaren trebetasunaren eta gustuen arabera alda daiteke, baina mazak bi dira, bi eskuak erabili behar dira, ezkerreko eskua sartzen da jokoan, normalean aparatu bakarrarekin aritzerakoan gehiegi erabiltzen ez dena, eta zaila izaten da. Baita zinta ere. Zintak 6 metro ditu eta puntak ezin du lurra ukitu. Beraz, uneoro mugimenduan izan behar da, nekatzen du eta horrek ere bere zailtasuna du” azaldu du Agirrek. 

Nafarroakoan bi podium
Asteburuan Nafarroako Kirol Jolasen Gimnasia Erritmikako Banakako Txapelketa jokatu zen Mendillorrin. Bertan Iskiza Sakana taldeko 15 partaideak aritu ziren. “Nafar Kirol Jolasetako taldeko 15 kideetatik 11rendako, lehendabiziko txapelketa zen. Urduritasuna eta gogoa, guztia batera sentitzen zuten, eta esan beharra dago guztiek egindako lanarekin oso pozik gaudela” nabarmendu du Olaia Agirrek. 

Iskiza Sakanak bi podium lortu zituen. Kimuen mailan, Enara Perez olaztiarra 3. geratu zen eta aurre benjamin mailan Sofia de Sousa urdiaindarra bigarrena. Enara pilotarekin aritu zen, eta Sofia esku libreekin, aparaturik gabe, txikienak aparaturik gabe aritzen baitira. “Enara eta Sofia podiumera igo ziren baina guztien lana nabarmendu nahiko genuke; hilabete hauetan landutakoa erakutsi zuten, eta tapizean disfrutatu zuten. Hori zen helburua” berretsi du entrenatzaileak. 

Hurrengo erronka apirilaren 17an Errioxako talde batek antolatu duen gimnasia erritmikoko online txapelketan aritzea izango da. “Zelandin grabatuko dugu. Oso berezia izango da. Epaileek pantailatik segiko dute txapelketa. Badakigu ez dela berdina eta eurendako ere baloratzea askoz ere zailagoa izango dela, baina gutxienez zerbait bada” dio Agirrek. Bestalde, apirilaren 24an Nafarroako Banakako Txapelketaren 2. fasea jokatuko da, Mendillorrin.