Euskaltegiek lan handia dute egiteko

Guaixe 2021ko api. 6a, 14:23
Txalapartarien eta bertsolariaren doinura Itziar Nazabalek koadroa margotu zuen.

Euskal Herriko biztanleen %55 erdalduna dela gaztigatu zuen. Jendartea euskalduntzeko euskaltegi indartsuak aldarrikatu ditu AEK-k. 

Aurten Korrikak bukatu beharko lukeen garaian jakinarazi zuen AEK-k, gauzak ongi, 22. Korrika 2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era izanen dela. Euskaltegiak bultza, bultza euskara dinamikaren barruan Etxarri Aranatzen egindako ekitaldian jakinarazi zuten hori AEK-ko kideek. Haiek helduak euskalduntzen segitzen dute eta bai Euskal Herrian bai munduan barna euskara ikasten ari diren pertsonak 40.000tik gora direla jakinarazi zuten. Datu pozgarri horren aldamenean errealitate gordina jarri zuten ere: “Euskal herritarren %55 erdaldunak dira, eta, beraz, euskaltegi guztiak dira beharrezko jendarte euskalduna amets badugu”. 

Egiteko horri behar bezala heltzeko, AEK-ko kideek esan zutenez, “euskaltegi sendoak behar ditugu, Euskal Herri osoko herritarrei euskara ikasteko aukera emateko baldintza egoki guztiekin”. Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko administrazioetatik “euskaltegiei bultzada estrategikoa eman” behar zaiola aldarrikatu zuten. Horretarako, eta “helduen euskalduntze mugimendua sustatzeko eta euskaltegiei bultzada emateko” jendartearen babesa eskatu zuten AEKtik: “denok egin dezakegu geure ekarpena: egunero eta aukera dugun guztietan euskara erabiliz eta prestigiatuz, jendea euskaltegietara joan dadin animatuz, matrikulazio-kanpainak sustatuz, euskaraz bizitzeko nahia plazaratuz…”

Pandemiak aurten Korrikarik gabe, “euskararen aldeko ekimenik garrantzitsuena gabe” utzi gaituela   nabarmendu ondoren, AEK-ko kideek azpimarratu zutenez, “oraindik ere nahitaezkoa da duela 40 urte jaio zen ideia ero eta zoragarri hura gauzatzea”. Hurrengoa prestatzen buru-belarri ari direla ziurtatu zuten. 

Ekarpenak
Eta aurten errelebo lasterketarik ez izateak AEKri diru galera sortu die. Euskaltegi sareari laguntza eman nahi dionak www.aek.eus webgunearen bidez egin dezake. 

Erlazionatuak

"Lan erraldoia izan zen"

Guaixe 2021 mar 29 Arbizu