Aberri Egunean elkarrekin kantatzera deitu dute

Guaixe 2021ko api. 2a, 14:45
Ekimenaren sustatzailek parte hartzera deitu dute. Argazkia: utzitakoa.

Euskal Herria Batera herri ekimenak, Aberri Eguna keinu baten bidez elkarrekin ospatzeko deia egin du. www.guaixe.eus webguneak eta Beleixe Irratiak (FM 107,3) ikus-entzunezko seinalea emitituko dute igandean, 12:30ean, kantuan aritu nahi duten sakandarrek bat egin dezaten.

Joan den urtean egin bezala, aurten ere Euskal Herria Batera herri ekimenak igandean ospatuko den Aberri Eguna ospatzeko deialdia egin du. Pandemiak ekarritako konfinamenduaren ondorioz 2020an balkoi eta leihoetatik ospatu zen Aberri Eguna, baina aurten plazetan ospatzeko proposamena egin dute Euskal Herria Batera herri ekimenetik. Oihana Maritorena sustatzaileak azaldu duenez, “12:30ean, ikus-entzunezko seinale bat emitituko da irratien bidez, tokiko telebisten bidez eta sarean. Musika izango da seinale horren protagonista, kantuz elkartu gaitezen”.  

Osasun neurriak kontuan hartuta, herrietako plazetan elkartzeko deia egin du Maritorenak: “herrietako plazetan elkartzeko deia egiten dugu bai seinalea batera entzuteko, edo herriko musikariekin kantaldiak antolatzeko ere. Hiru kantu proposatzen ditugu... baina gehiago ere izan daitezke. Ekimen herritarra da eta beraz herriak nahi duena kantatu dezala”. Kanturako proposatutako kantak dira: Txoriak Txori, Ikusi mendizaleak eta Gernikako Arbola. Azken abestiak “batasuna” irudikatuko du. Lehenak, berriz, “askatasuna”, eta bigarren kantuak, aldiz, “maitasuna”. 

Euskal Herria Baterako kideek azaldu dutenez, “ekimena ez dugu plazetara soilik mugatu nahi. Gauden tokian gaudela, etxean, mendian zein hondartzan, Euskal Herrian zein kanpoan, seinalearekin bat egin eta kantatzeko deia egiten dugu” erantsi du eta egindakoa sareen bidez kontatzeko deia ere egin du. 

Iganderako herrietan deitutako kantaldien bidez, Imanol Esnaolak azaldu duenez, “Euskal Herri burujabea” aldarrikatuko dute. “Erabaki politikoak herritarrengandik ahalik eta gertuen hartzeko, gure bizitzen eta gure ongizatearen alde egiteko. Komunitate nazional gisa, zainduko gaituen herri bat izan nahi dugulako”. Beraien asmoa “bestelako ospakizunen osagarri” izatea dela adierazi du Esnaolak, une batean keinu bat elkarrekin, batera eginez. Bestetik, Aberri Egunean leiho eta balkoiak ikurrinaz eta nafar ikurrez apaintzeko deia ere egin du Maritorenak. Behar duenak, www.aberrieguna2021.eus webgunean erosteko aukera izanen du.