Kristau egutegiko data garrantzitsuak ditugu aurrean eta horiek ere Aralarko santutegian isla dute. Ostegun eta Ostiral Santuetan, 17:00etan, mezak izanen dira santutegian. Larunbateko elizkizuna, berriz, 20:00etan izanen da. Eta, despeditzeko, Pazko Egunean, igandero bezala, 12:30ean izanen da meza.
Pazko Egunean kristauek Jesusen pizkundea ospatzen dute eta, hain zuzen, egun horretan Aralarko aingeruaren irudiak santutegia utziko du bere herriz herriko ibilbideari ekiteko. Aralarko Deun Mikel kofradiakotik jakinarazi dutenez, aurtengo irteera ez dela aurreko urteetakoa bezalakoa izanen: “16:30ean abiatuko da santutegitik, baina pandemia dela eta, ez da Baraibarreraino basoz joanen. Artxuetako bidegurutzeraino joanen da eta bertan Agur Mikel aingeru abestuko zaio”.