Julian Etxeberria Albiztur

"Jendeak beti izan du San Migelekiko debozio handia"

Alfredo Alvaro Igoa 2021ko api. 15a, 14:57
Julian Etxeberria Albiztur etxeko atean.

Julian Etxeberria Albiztur urdindarra 1951ko martxoaren 28an, Aralarko santutegira mezamutil gisa joan zen, Inozenzio Aierbe Irañetarekin batera. 6 urte egon zen han, 15 urterekin bueltatu zen.

Aralarko mezamutil zahar Julian Etxeberria Albiztur urdindarrak horrela gogoratzen du santutegirako bere lehen igoera hura: “apezaren atzeko aldean mandoan igo, eta gora”. Hara joateko ez pistarik ez errepiderik ez zegoen garaia zen. Uharte Arakilgo mando bidetik hala igo zen estreinakoz Aralarrera, “aparte ni gaztea izan, elurra zegoen. Gainera, 1951ko negua oso gogorra izan zen. Elur asko egin zuen, eta luze negua”. Ordukoak berritu ditu. 

Nolaz bukatzen du Urdiaingo mutiki batek Aralarren? 
Don Inozenzio, Aralarko, kapilaua, Urdiainen egon zen apaiz. Lehenbizi eraman zuen Felix Etxabarri, gero ni, eta gero, atzetik, eraman zituen Mariano eta Migel Angel Zubiria. Horrela du Urdiaingo jendeak mezamutillak Sanmigelen. 

Zergatik esan zuten gurasoek zu apezarekin joateko? 
Gurasoak, behinik behin, kuanto han edukazio on bat hartu behar duzun, edo zerbait ikasi behar duzula ona. Asmo horrekin. 

Zeren garai hartan Urdiainen eskola egonen zen, ezta? 
Bai. Orduan hasten ginen eskolan 6 urterekin, eskola zaharrean. Gero berria hasi zenean (1953an egin zuten), gazteagokoekin hasi ziren. 

9 urtetarako idazten eta irakurtzen jakinen zenuen. 
Bai. Geneukan maisua Martxueta (Daviden aita). Harekin hasi ginen eta gero Sanmigelen. 

Aurretik Aralarren egona zinen?
Ez, hura zen lehendabiziko aldia. Ni, sobra ere, nintzen gazte bat oso, ez dakit ba nola esan,  bildurrik gabe joaten zena. 

1942an suteak Aralarko ostatua txikitu zen. Zuk zer opatu zenuen han goian? 
Neretako eliza eta etxea handia zen. Jende asko etortzen zen, eta zegoen oso kondizio txarretan. Ni harritzen naiz nola etortzen zen jendea leku guztietatik: Iruñetik, Donostiatik, Bilbotik… jendea etortzen zen asko. 

Gaurko ostatu berria ez zegoen ezta ezer ere. Orain santutegirako dagoen sarrera luze horretan, hor jartzen genituen ohol batzuk asto batzuen gainean eta udan hor egoten zen jendea. Hor bertan, baina beste alderditik, jartzen genuen egurrezko mostradoretxo bat eta han zerbitzatzen genuen ardoa, gaseosak (1,5 pezetatan saltzen zuten) eta zerbezak (El Leon). 

Geroz, bestelako lanak tokatu zitzaizkizun.
Denetatik egiten genuen. Eta ikasi ere bai. Han genituen bi txakur handi, bi behi, untxiak ere ibili genituen. Haiekin ibiltzen ginen. Behi haiei ere jana ematen zitzaien… Nirekin batera zeuden Jose Mari Ustarroz eta Felix Etxabarri. Haiek ni baino zaharragoak. Ni haiekin ibiltzen nintzen, baina lana egiten zutenak haiek ziren. 


Julian, 10 urterekin, eta Felix Etxeberria, Santutegiko atarian.

Jatekorik orduan ez zitzaizuen faltatu. 
Luziano Garziandia zen mandazaina. Beti zegoen zerbait igotzeko, eta egunero igotzen zen mandoarekin. Hark igotzen zuen haragia, ardoa, gaseosa, garagardoa, ogia eta behar ziren gauza guztiak. Ardoa-eta zahagietan igotzen zen udazkenean negu guztirako. Baita ere gasolioa. Argia geneukan bateriekin. Bateriak kargatzeko han geneukan dinamo bat eta hura mugitzeko diesel motor bat. Udazkenean horiek montontzen ziren, gero neguan problemarik ez ibiltzeko. 

Negua. Inozenziok esaten omen zen Aralarren urteko hilabete guztietan ezagutu zuela elurra. 
Ni ailegatu naiz eskiatzera maiatzean, eta urte hartan bertan lastailean. Asko ez zegoen, baina esateko: eskiatu dut. Eta neguan ibiltzen ginen beti eskiekin alde batera eta bestera. Mandoak ezin zirenean gora igo, gu jaisten ginen bide erdira. Eta han hartzen genuen haragia, ogia eta behar ziren gauzak. 

Nolakoa zen neguko egun bat han? 
Ateratzen zituen haizeak fistu batzuk! Haize boladak bazter guztietatik sartzen ziren. Urte batean esnatu ginen ohatzearen atzeko aldean elurbisutsarekin. Haizea ikaragarri. San Migelgo sarrera, atari handi hori, gainean leiho txiki bat dago, sakristiakoa. Elurra haraino igotzen zen, beti ere, haize boladekin, hura haize tokia baita. Elurra askotan. Baina gu gazte ginen eta ateratzen ginen egunero, eskiatzera, denbora pasa… Telefonoaren haria elurraren pisuarekin edo lantxurdarekin hausten zen, joaten ginen, lotzen genituen beste kable batzuk eta jartzen genuen martxan.   

Goizter esnatzen zineten? 
Ez. Han egunero 09:00etan meza eta 21:00etan arrosarioa izaten ziren. Orduan, 08:30 aldera jaikitzen ginen. Gosaldu ondoren mezan laguntzea zen gure lehenbiziko lana. 

Zein joaten zen mezara? 
Astegunez, inor ez. Han bizitzen ginen sei bat pertsona: apeza, hiru mutiko eta bi emakumezko. Haiek joaten ginen. Jaietan bai, jende asko joaten zen, leku guztietatik. Nahiz eta negua izan hara jendea eskiatzera edo dena delakora, beti joaten zen. Gipuzkoatik asko. Lekunberritik eta Baraibarretik igotzen ziren gora eskiekin. Orain Candanchura joaten den bezala jendea, orduan Aralarrera joaten zen. Eta, horrela, jaiero-jaiero jendea; elurra bazen, eskiatzaileak, bestela, mendigoizaleak. Eta udan, gehiago esango genuke, mendi-ibiliak egitera. 

Mezan lagundu eta gero zer egiten zenuten? 
Txakurrak zaindu. Hartu, buelta bat eman inguruetan, egin behar dituzten gauzak egiteko. Txakurrak ateratzen genituen kalera bitan, goizean eta arratsaldean. Gero, behiei belarra eman… Behiendako belarra han biltzen genuen. Bageneukan soroa landurik, ereiten genituen patatak. Etxerako sobratzen ziren patatak egosi, pulpa pixka batekin nahastu eta ematen genien behiei, belarraz aparte. Pertza handi bat genuen horretarako. Behien azpiak garbitu eta horrela. Han ez zegoen aspertzerik. Gauza batzuk obligaziozkoak genituen, bai, beste batzuk, deboziozkoak, esanen  dizut. Eskiak ere han egiten genituen. Felixek egiten zituen. Basora joan, lizar polit bat bilatu, hura lehertu, zepillatu eta ongi egin eta, gero, pertza batean sartzen genuen, ur beroan eta pixka bat egosten den garaian molde batean sartzen genuen. Beti horrelako gauzak egiten. 

Eta han ondo jaten genuen. Arrainik ez genuen jaten, baina haragia jaten genuen egunero. Garai hartan egunero filetea jateko kar, kar, kar (barrez). Horregatik geunden lodi samar. 


Julian santutegi inguruan. Ezkerreko itxituran behiendako belarra mozten zuten. Atzeko haitza, Putregain. Haren azpian gaur egun aparkalekua dago.

Animaliak non sartzen zenituzten?
Orain konpontzen ari diren Lakuntzetxe edo Deierri etxean. Hori elur tokia da. Orduan eraikin bat zegoen bi ateak elkartzen zituena. Lakuntzentxen sartu eta lehendabiziko zegoen sukalde bat, zeudenak txakurrak eta egiten genuena sua, patatak, pulpa eta denak egosteko behiendako. Gero bi behiendako eta txahalarendako tokia zegoen. Aurrerago zegoen beste toki bat egoten zirenak untxiak. Eta aldiren batean oilo batzuk. Eta azkenean zegoen orain kalean dagoen ur biltegia. Ura teilatupean zegoen. Han punpatxo elektriko bat ibiltzen genituen etxean banaturik genituen beste biltegi batzuk. Joaten ziren Etxarriko Maiza, edo zer ziren iturgin haiek. Zink-ezko biltegi batzuk egiten zituzten, egurrez bazterrak indartu. Dena hoditeriarekin zegoen, giltza bat itxi, bestea zabaldu eta punparekin biltegiak betetzen ziren. Horrela ibiltzen genuen ura. 

Inozenziok eskolaren bat edo dotrina ematen zizuen? 
Bai, jakina. Gazteak ginen eta eskola, erakusten zen, idatzi. Irakurri egiten genuen bastante, han periodikoa egunero bi hartzen zituen, Nafarroakoa eta Gipuzkoakoa. Notiziekin-eta egunean geunden. Gainera, liburu asko zituen Don Inozenziok, mota guztietakoak. Bakoitzari gustatzen zitzaion hura irakurtzen genuen. Han elektrikari, zurgin, hura eta beste. Don Inozenzio aurreratua zen eta denetariko liburuak eta aldizkariak ekartzen zituen. Denetarik ikasten genuen. 

Telefonoa bazenutela aipatu duzu. 
Garai batean omen zegoen telefonoa bakarrik Zamartzetik Sanmigelera, partikularra-edo. Ni joan nintzen garaian Telefonica edo nazionala zegoen. Orduan Uharte Arakilen teknikari bat egoten zen eta aldian behin igotzen zen gora errebisatzera kableak, hau eta beste. Sanmigelen bi bateria handirekin (Tudor) zuten. Haiek, sobra ere, ematen zuten indarra eta harekin ibiltzen genuen. Orduan zuzeneko lotura genuen Uharte Arakilekin eta Iruñearekin. Iruñera hots egiteko biradera bati eman eta aldi bat deitzen genuen, eta Uhartera deitzeko egiten genuen bi. Telefonoekin problemarik ez. Baina, askotan neguan, lantxurdarekin hartzen zuen pisua kableak eta egiten zen eten. Orduan, eskiak hartu eta jaitsi. Kable batzuk lotu eta martxan. Inkomunikaturik ez gara egon sekula ere. Telefonoa hausten bazen, konpondu. Behar bazen ogia, eskiekin jaitsi.  

Eta familiarekin harremanetan jartzeko, nola? 
Gutxi. Kartaren bat edo beste. Jaisten nintzen herrira bi aldiz urtean: aste bat festetan, Sanpedrotan eta gabon aurretik beste aste bat pasatzen nuen. Eta bitarte horretan, gutxi. Han elkarrekin egoten ginen, familia bat bezala. Ez genuen gehiagoren beharrik sentitzen. Han jende asko ibiltzen zen, hizketaldia, hau eta beste. Helduak bideberria egin zen garaian etorri ziren. Baina jende gazte asko mugitzen zen. 

Udaberritik aurrera artzainak eta artaldeak igoko ziren mendira, ezta?
Bai. Nafarroako artzainak joaten ziren domekan-domekan mezara. Igaratzan ere egoten zen beste kaperatxo bat, orain ez dakit, eta hara igotzen ziren Lazkaoko fraideak. Eta Uharteko artzainen ardiak egoten ziren Sanmigelen eta Artxuetan, inguru horretan. Haiekin, beste jende askorekin bezala, joaten ziren mezara eta gero gelditzen ziren gosaritara. Haiek ere egun bat jendearekin egoteko aprobetxatzen zuten. Hitz egiteko. Zeren bakarrik egonda, gero hizketarako gogoa egoten da. 

Gazta eta ardi kontuez ikasiko zenuten pixka bat.
Bai. Ustarrotzi handik heldu zaio orain daukan afizio hori-edo, gaztarena. Handik ekarri zuen. Ni beste modu batera. 

Basolanetara ere igoko ziren. 
Uhartek baso asko dauka. Urte batean lantegi handia egin zuten. Markatzeko garaian lo han egiten zuten. Joan beharrean egunero mendian gora eta behera, han gelditzen ziren markatu arte. Hori Uharte Arakilgo Udalarenak. Gero joaten zirenak zuhaitzak botatzera Nafarroa iparraldeko jendeak ziren. Haiek egiten zuten txabola eta, basogizon bezala, han bizitzen ziren. Domekan joaten ziren mezara. Haiek ere han jai eguna pasatzen zuten, jiji-jajaka, haiek ere jende artean egoteko gogoekin. Gero jarri zuten Uhartera kablea eta harrekin jaisten zituzten enborrak. Orduan ez zegoen bideberririk. 

Gero ikazkinak etorri ziren. Txondorra egin eta keak xiiiiiiiii. Ni gaztea nintzen eta gauza haiek niretako berriak ziren. Urdiainen ere egiten ziren, baina ni baino lehenago. Nik ehori ez nuen ezagutzen, han ezagutu nuen nola egiten zuten txondorra eta ikatza nola egiten zuten. Mandoekin ateratzen zuten. 

Santutegian ikatza edo egurra ibiltzen zenuten? 
Garai hartan egur asko egoten zen, haizeak botatakoak-eta. Egurra egiten genuen eta mandoarekin igotzen genuen Sanmigelera, urte guztirako. Mandoekin ekartzen zuen Luzianok. Sarrera ondoan, hor zegoen zelaitxo bat eta hor jartzen genuen. Negurako egur pila galanta egiten zen. Gero lehertu. Neguan bi su genituen, beheko sua eta sukalde ekonomikoa, jana prestatzen zutena. Motozerrarik orduan ez zegoen. Baina geneukan zerra zirkularra, motor elektriko batekin eta harekin mozten zen sukaldearen neurrira. 

Su eta sukalde horiek non zeuden? 
Eliza sarrerako pasabide luze hori gelditu zen bakarrik. Eta horren gainean zegoen sukaldea eta gain horretan zegoen beste toki bat zena bizitza. Han zeuden apezaren gela, gurea, emakumezkoena eta komuna. Hiru-lau gela, gehiago ez. Hura etxekoendako. Han zegoen beheko sua. Su hori, etortzen zen Korpus Eguna, etortzen zen… jende guztiak nahi zuen hara joan bazkaltzera. Tokirik ez zegoen. Hura izaten zen…  Gaur egun ezin pentsatuko gauza: hainbeste jende hain leku gutxian! Eta jendea ez zen kexatzen. Ez zegoen gehiago. 


Julian Etxeberria Albiztur eta Jose Mari Ustarroz eskiak lotzen. Aldamenean Oxin txakurra. Argazkia: Ardanaz.

Santutegia urte guztia zabalik zegoen, edo propio zabaldu behar zenuten? 
Orduan Sanmigelgo ate guztiak egoten ziren zabalik. Han ez zegoen bildurrik ezertarako ere. Gero etorri zen madarikatu hori eta ostu zuen erretaula (Rene Alphonse Ghislain Vanden Berghe, Erik belgikarra, 1979ko lastailaren 25etik 26rako gauean). Eta orduan hasi ziren gauzak ixten. Bitartean egoten zen dena zabalik. Gu han bizi ginen. Jendea etortzen zen garaian guk goizetik ateak zabaltzen genituen. Eta eliza beti zabalik. Sartzen zen, ateratzen zen. Eguraldi txarra zegoen garaian atea ixten bagenuen, eta terraza esaten genion horretan txirrin bat egoten zen. Txirrina jotzen zuten, leihotik begiratu: jendea zegok! Jaisten ginen, atea zabaldu, eta kitto. Orain eliza sarrera hori dena zabalik dago. Lehen erdia itxita egoten zen eta hor ibiltzen genituen bederatzi ohe, kanpotik etortzen zen jendeak lo egiteko. 

Pentsatzen du Inozenziok erretaula azalduko zizuela?
Ni egon nintzen garaian tapatuta egoten zen. Orduan elizetan egoten diren egurrezko figuradun erretaula zegoen. Erretaulak bazeukan bere famatxoa eta jendeak meza ondoren ikusi nahi zuen. Ondoren Jose Marik edo nik hango argimutilak kendu eta bi ate handi zabaltzen genituen. Aldare gainera igo (paretaren kontra zegoen) eta bonbillatxo batekin eta, han, azalpenak ematen egoten ginen. 

Jendea aingerua gurtzera propio joaten zen? 
Jendeak beti izan du San Migelekiko debozio handia. Orain itxita egoten da. Kapera txikian dagoen San Migelen irudi hori da “bigarrena”. Lehen han egoten zen egiazko irudia, eta joaten zenean herrietara, ez zegoen. Meza eta arrosarioa kapera txikian errezatzen genituen. Domekan meza nagusia izaten zen, harmoniuma bazeukan, Felixek ongi kantatzen zuen, eta aldare handian.  

Pazko igandea, Korpus Eguna eta San Migel eguna ziren egun handiak?
Baraibarrera egiten den irteera hori ez zen orain bezala egiten. Orduan San Migel herriz herri ibiltzen zen, beti pausokan. Luzio, Exkurre, uhartearrak eramaten zuen. Apaiz bat joaten zen, Don Inozenzio, Don Migel edo dena delakoa, mandoarekin. Herriz herri dena pausokan ibiltzen ziren. Hori aldatu zen. Hasi zen garaia dena autoz egiten. Eta erabaki zen zerbait pausokan egitea. Pazko egunean nolabait joaten den Larraunera, Sanmgeldik Baraibarrera oinez, pixka bat tradizioari segitzeko. 

Garai batean Sakanako herri guztiak sanmigelera erromerian joaten ziren. Ezagutu duzu hori? 
Maiatzaren 8an garai batean zen San Migelen agerkundea. Oso famatua zen eta joaten ziren uhartearrak. Arakilgoak joaten ziren larunbat batean, pazko inguru horretan. Lakuntzarrak ere. Irañetakoak ere bai. Denak egun berean ez ziren joaten, bakoitzak bere tokitxoa zuen. Beste herriek aurretik utzita zuten. Don Migelek esaten du garai batean ibar guztia joaten zela. 

Hala jende pila ezagutuko zenuen? 
Nire garaikoak bai. Baina urte asko pasa dira eta jada gazteak ez ditut ezagutzen. 

Korpus Egunean ere jendea poleki joaten omen zen. 
Jendea, ugari eta ugari. 1950ean hartu zuten euskal jai bat bezala eta Erriberatik-eta Falangekoak etorri ziren. Eta zalaparta sortu zen. Eta orduz geroztik iskanbila Korpus Egunean. Prozesioa egiten zen. Errepublika garaian prozesioak herrietan debekatu zituzten. Baina Sanmigelen ez, mendian zegoenez… Eta urte bat bera ere ez zen gelditu prozesiorik egin gabe. Fededunak prozesio horretara joaten ziren. Bi egunetan izaten zen: Korpus Egunean eta Korpusen Zortziurrenean. Azken horretara Arakilgoak eta horiek joaten ziren. Gero euskaldun jendeak hasi ziren joaten. Prozesio garaian botatzen zituzten etxajuekin ikurrina txiki batzuk gora, eta ez dakit zer. Guardia civilez beteta. Beti egoten zen halako liskar bat. Baina jende asko. Batzuk fedearengatik, beste batzuk egun bat euskaldun jendea inguratzeko. 

San Migel eguna, irailaren 29an, oso garrantzitsua. 
Bai. Izaten ziren beste bi egun. Asolbizio Eguna, abuztuko azkeneko jaia. Eta gero San Migel eguna. Orduan joaten zen jendea bezperatik. Han gaua nola-hala pasatzen zuten, zeren han hainbeste jenderendako tokirik ez zegoen. Eta hurrengo egunean fededunak konfesatzen ziren. Joaten ziren kaputxinoak Altsasutik, agian dozena erdi bat, eta goizean konfesatzen ziren. Beste batzuk goizean joaten ziren oinez Uharte Arakildik edo guardetxetik. 06:00etan hasten ziren mezekin. Absolbizio Eguna ez dago, baina San Migel Eguna, oraindik, segitzen du jendearekin. 

Noiz arte egon zinen Aralarren?  
6 urtez egon nintzen. Nere anaia Antero hasi zen lanean eta, orduan, etxekoak esan zuten: hi, etorri beharko zara aita eta amari laguntzeko! Bageneuzkan behi pare bat, sorotxo batzuk patatak eta indibabak-eta etxerako biltzeko, eta etorri nintzen. 15 urtetik 18 urtera arte etxeko lanekin ibili nintzen. 

Inozenzio Aierbe Irañeta entzunda. Zer gogoratzen duzu? 
Oso gizon eta apeza majoa, bai. Kulturadun jendea zen. Kultura asko ikasi genuen berarekin. Esan dizudana, ekartzen zituen liburuak eta aldizkariak. Felix irratiak egiten ikasten egon zen, elektrizitateak, halako gauza asko. Gaur egun eskulanak esaten diren aldizkari horiek asko ekartzen zituen. Orduan neguan han egoten ginen, zeren erreminta asko zegoen han. Gauza asko ikasi nituen. Urdiainen egon zen apaiz. Garai hartan jaio nintzen eta ni bataiatu ninduen. Eta ezkondu ere. Andregaia neukan Altsasukoa eta orduan joera zegoen andregaiaren herrian ezkondu beharra. Eta Altsasun ezkondu ginen, baina Don Inozenziok ezkondu gintuen. 

Oraindik Sanmigelera joaten zara? 
Orain utzita dut. Garai batean joaten ginen bost mezamutil zaharrak, domeka bakoitzeko bat. Baina aspaldi honetan utzita daukat, zeren herrian ikusten dut Don Migelen (Migel Anjel Sagaseta Ariztegi) ondoan egoteko beharra dagoela. Orain aldian behin joaten naiz. Pazko Egunean, Baraibarrerako irteera arratsaldez denez, urtero joanen naiz. Jada ez daukat konpromisorik herrian. Lehen jaisten nintzen oinez. Baina baditut urte batzuk ezetz. Baraibarrera autoarekin jaisten naiz eta norbait jaitsi dena Sanmigelen autoa utzita, gora igotzeko. 

Lakuntzetxeko lanak, zer martxa? 
Aspaldi honetan ez naiz egon. Ez dakit nola daukaten. Pozten naiz hura egitea. Hura ikusi dugu biziarekin. Eta zegoen bezala, dena hautsita, dena… pena ematen zuen. Orain berritzean, nahiz eta behirik eta txakurrik ez egon, beste bizimodu bat emateko asmoa dago, orduan, pozik. 

Mezamutil zaharrak urtero elkartzen zarete Inozenzio zena gogoratzeko. 
Don Inozenzio zegoen bitartean joaten ginen hara eta han egiten genuen bazkaria berarekin eta horrela. Hil eta gero, gora ailegatzeko elurra dagoela, ez dagoela… Zamartzen biltzen hasi ginen. Han egiten dugu meza eta gero bazkaria, bera jaio zen egunean, abenduaren 28an. 

Erlazionatuak

"Aralarren ez zegoen aspertzerik"

Alfredo Alvaro Igoa 2021 api 07 Uharte Arakil   Urdiain