Radar finkoak egunero 22 isun jarri zituen joan den urtean

Guaixe 2021ko api. 14a, 10:38
Iparraldeko Autobiako (A-1) radar finkoa Erkuden ermitaren parean dago.

Guztira 8.221 trafiko salaketa jarri zituen gehiegizko abiaduran gidatzeagatik, aurreko urtean jarritakoak baino %45 gehiago. 

Trafiko Zuzendaritza Nagusiak radar finko bat jarria du Sakanako errepide sarean, Iparraldeko Autobiako (A-1) 401,5 km puntuan dago, Gipuzkoako norabidean, zerbitzu bide baterako irteeraren aurretik. Gehiegizko abiadura gainditzen duten ibilgailuei argazkia egiten die eta gidariek isuna jasotzen dute etxean. Halako 8.221 isun jarri zituen Altsasun dagoen radarrak joan den urtean, egunean 22,45 isun. 

Lekunberri parean Leitzarango Autobian (A-15) dagoen radarra da Nafarroan isun gehien jartzen dituena. Altsasukoa bigarrena da. Azken bost urtetan radar horrek 41.278 isun jarri ditu, egunero, bataz beste, 22,59 isun.  Trafiko arau hauste horiek guztira 4.457.800 euroko isunak ekarri dituzte. Baina ia gidari denek ordainketa azkarra egiten dute eta isunaren erdia pagatzen dute horrela. Beraz, 1.932.876,41 euro dira radar horren bidez jasotakoak. 

A-1 autobiako radar finkoak jarritako isunak
Urtea Isun kopurua Isunak eguneko
2016 7.609 20,79
2017 7.942 21,76
2018 13.007 35,64
2019 4.499 12,33
2020 8.221 22,46
Guztira 41.278 22,59