Lehen mailako osasun arretaren alde apirilean ere

Guaixe 2021ko api. 6a, 10:37
Irurtzunen lehen arretako osasun zerbitzuaren alde joan den astean egindako kontzentrazioa. Argazkia: @Sortu_Sakana.

Nafarroako Osasun Plataformak apirileko asteazkenetan, 11:00etan, osasun etxeen parean kontzentratzeko deia egin du. Bihar, Europako deialdiarekin bat egin, “pandemiarekin inork ez dezala irabazi” aldarrikatuko dute.

Martxoaren ondoren apribila dator eta hilabete berrian ere segida izanen dute asteazkenetako 11:00etako osasun etxe pareko kontzentrazioak. Nafarroako Osasun Plataformak deitu ditu mobilizazio horiek lehen mailako kalitatezko osasun arreta publiko eta unibertsala bermatzeko. Horretarako, Osasunbideari eskatzen diote lehenbailehen “epe laburreko konpromiso zehatzak har ditzala lehen arretako osasun arretako arazoei konponbidea emateko. Horiek guztiek balio behar dute eredu integral baterantz jotzeko, ez eredu asistentzial hutsean gelditzeko. Beranduegi gabiltza, eta neke orokorra dugu”. 

Nafarroako Osasun Plataformak gaztigatu duenez, Osasunbideak “ez du kontuan hartzen bere planteamenduekin arrakala handitzen ari dela teknologian, ekonomian, gizartean eta lurraldean”. Plataformako kideek nabarmendu dutenez, “herritar guztiek ez dakite tresna telematikoak erabiltzen eta herritar guztiek ezin dituzte eskuratu. Gainera, landa-eremuetan arreta eskasagoa emateko arriskua dute, egungo baldintzetan ezin izanen bailukete garatu teleprestakuntza eta telelaguntza, ez burokrazia murriztu edo ospitaleetako espezialistekin kontsultak egin”. 

Europako deialdia 
Bihar Osasunaren Mundu Eguna da. Eta plataformak bat egin du Osasuna eta Gizarte Babesa Pribatizatzearen eta Merkaturatzearen Kontrako Europako Sareak egin duen deialdiarekin. Aurten deialdiak “pandemiaren kontrako babesa ekitate- eta unibertsaltasun-irizpideen arabera bermatzeko eskakizuna” izanen du oinarri, “sektore pribatuaren irabazi-zaletasuna zalantzan jarriz”. Plataformatik adierazi dutenez, “horretarako, ezinbestekoa da osasun-sistema publikoak indartzea eta patenteek guztiok txertoak eta tratamenduak eskuratzea oztopatzea eragotziko duen jarduera irmo bat egitea”. 

Deitzaileek nabarmendu dutenez, “hau ez da onura pribatuetarako unea. Pertsona guztiek dute tratamendu bat jasotzeko eskubidea. Pandemia gainditzeko modu bakarra irtenbide kolektibo bat aurkitzea da: pandemiaren aurkako txertoak eta tratamenduak, pertsona guztiendako libreki eskuragarri egon daitezela, eta ondo hornitutako eta behar bezala ordaindutako osasun-langile batek eman ditzala”. Horregatik, asteazkeneko elkarretaratzean parte hartzera deitu dute, “Europan: inork ez dezala irabazi pandemiarekin”.