Txertaketaren hurrengo hitzorduak: Irurtzunen eta Altsasu

Guaixe 2021ko api. 2a, 09:59

80 urtetik gorako sakandarren txertaketak aste honetan segida du. Irurtzungo oinarrizko osasun eskualdean herenegun lehen dosia jaso zuten eta Altsasukoek gaur bigarrena.

COVID-19 gaitzari aurre egiteko ezinbesteko bitartekoa izanen da txertoa. Osasunbideak lehentasunezko sektoreetako profesionalen txertaketarekin batera 80 urtetik gorako pertsonen txertaketari ekin zion. Irurtzungo oinarrizko osasun eskualdeko (Sakanan Arakil eta Arruazu artekoak) 478 pertsonak herenegun Irurtzungo kiroldegira joateko deialdia jaso zuten; 09:30etik 14:20ra aritu ziren Osasunbideako langileak txertoak jartzen. Pfizer etxearen txertoaren lehen dosia jaso zuten guztiek. Bigarrena apirilaren 21ean hartuko dute. Osasunbidearen txertaketa taldea gaur, atzera ere, Altsasura etorriko da. Burunda pilotalekuan 585 altsasuar, olaztiar eta ziordiarri txertoaren bigarren dosia jarriko diete 09:30etik 19:00etara.