Liburuak ez dira liburutegietan hezten

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2021ko api. 15a, 12:00
Carmen Elvira 'Liburu bat egingo dugu' tailerrean. UTZITAKOA

Sakanako Mankomunitateko Euskara zerbitzuak antolatuta 'Liburu bat egingo dugu' sormen tailerra izanen da apirilaren 20an eta 27an Uharte Arakilen eta Olaztin, hurrenez hurren. Carmen Elvira eta Ana Urrestarazu dira irakasleak

Liburu bat zabaltzean barruan beti istoriotxo bat dagoela esan du Carmen Elvira Pamiela argitaletxeko langileak. Liburua irekitzean, beraz, "misterioa" aurkitu behar dute. Elvira Pamiela Kalandraka haur literatura proiektuaren arduraduna da, eta haurrei eta gazteei liburuak egiten irakasten die. Liburu bat egiteko orduan editorearen lana oso garrantzitsua da, eta tailerretan haren figura erakusteko Editoreen elkarteko Ana Urrestarazuk ere parte hartzen du. Apirilaren 20an, asteartea, Uharte Arakilgo udaletxearen ganbaran, eta apirilaren 27an, osteguna, Olaztiko Ludotekan, Liburu bat egingo dugu sormen tailerra eginen dute. Ikastaroa 10 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta tokiak mugatuak direnez euskara1@sakana-mank.eus helbidean izena eman behar da

Sormen tailerraren izenburuak dioen bezala, parte hartzaileek liburu bat egingo dute. Hasieratik bukaeraraino. "Formatua emango diegu eta gero beraiek bete behar dute bere liburua izango dena". Liburu pertsonalizatuak izango dira, eta Elvirak eta Urrestarazuk liburu hori nola sortu erakutsiko diete. Haurrek gero nahi duten moduan osatuko dute "bere liburua".

Hitza eta marrazkia
Liburua pertsonala eta bakarra izango denez, bakoitzak erabakiko du nola betetzen duen: "Batzuetan ilustrazioak egiteko zaleak direnak aurkitu ditugu, eta beste batzuetan idazteko zaletasuna dutenak, eguneroko bat idazten dutenak eta abar. Orduan, beraien zaletasuna bultzatzeko aukera ere badaukate; bai ilustrazioaren aldetik bai idazle diren aldetik". Pamielak bultzatzen dituen liburuak "holakoak" dira, haurren eta gazteen liburuak hitzez eta ilustrazioez osatuta egon ohi dira: "Guretzat biak dira oso garrantzitsuak". Parte hartzaile bakoitzak nahi duen garrantzia emango diola azaldu du Elvirak. "Tailerrean egingo duguna liburutxoa da. Demagun kutxatxo bat dugula eta gero bakoitzak sartuko du nahi duena". Liburua, beraz, tailerrean hasten da, baina prozesua ez da bertan bukatzen.

Ikastaroa 17:00etatik 18:30era izanen da, eta "ordu eta erdia berehala pasatzen zaigu". Saioa bi ataletan banatzen dute: alde batetik, teorikoagoa dena eta, bestetik, praktikoagoa. Teoriko ere "arina eta parte hartzailea" dela azaldu du Elvirak, "ez da txapa botatzea". Kuriositatez parte hartuko dutela esan du. Bigarren zatia "guztiz praktikoa da" eta liburua eskuz egiten dute irakasleek daramatzaten materialak baliatuz. "Bi aldeak oso garrantzitsuak dira". Haurrek pentsatzen dutena baino gehiago dakitela aipatu du Elvirak, "ikastetxean landu dutelako, nonbaiten ikusi dutelako…", eta gauza interesagarri asko ateratzen direla esan du: "Guk ere ikasteko asko dugu".

Liburu baten prozesuan editoreak ezinbestekoak dira. Baina Elvirak aipatu duenez, "oso ezezaguna" da haien figura. "Liburu baten atzean beti editore bat dago". Ideia horretatik tiraka, Elvirarekin batera Urrestarazu egonen da. Baina zer da editore bat? "Irakasleekin konparaketa txiki bat egiten dut, haurrek ondo ulertzeko. Irakasleak idazlan bat egiteko eskatzen du. Aurkezten dugu eta boligrafo gorriarekin edo berdearekin gauzak zuzenduko ditu. Idazleekin berdina egin behar da. Baina ez gaizki dagoelako, baizik eta politagoa jartzeko; edertzeko". Hori da editorea. Liburuaren fase guztien atzean dago eta, tailerrean buru bat egiteko prozesua azaltzen dutenez, editorearen lana ikusteko aukera ere badute. Alderaketa hori eginez, gainera, eta gaia haien bizitzetara eramanda "bizitzarako ikasgai inportantea" bihurtzen da ere; "gauzak zuzentzen dira ez gaizki daudelako, baizik eta hobetu daitezkeelako".

Prozesua
Idazketa gizakia gizakia den unetik dagoela konturatzea da liburu bat sortzeko lehenengo urratsa. Kobazuloetan ere gauzak kontatzen dituztela azaltzen dute modu "oso arinean" tailerrean, "haiek gauza hauek badakizkite". Behin hori kontuan hartuta, bigarren urratsari ekiteko galdera bat planteatzen dute: non dago istorioa? "Bakoitzaren buruan dago". Hortik dator guztia. Idazleak buruan istorio bat dauka eta hortik sortzen da liburua. "Liburua ez da liburu dendan ikusten duguna, baizik eta norbaiten buruan egon den zerbait da". Bertan hasten da prozesua.

Tailerretan liburuak sortzen ikasi ez ezik, liburuaren unibertsoarekin harremanetan jartzen dira ere; hortaz, liburua sortzeko prozesuan liburu desberdinak aztertzen dituzte ere. "Liburu pila bat eramaten ditugu haiek konturatzeko zer liburu mota dauden". Ilustrazioaren prozesua "oso polita" dela esan du Elvirak. "Maite Mutuberriaren ilustrazioak daramatzagu". Bukatzeko inprimatze prozesua dago. "Oso interesgarria da. Politena inprenta batera joatea izango zen bertako makinak eta tresnak ikusteko. Zoragarria da". Baina egoera dela eta, ezinezkoa da; beraz, Urrestarazu horretan "oso trebea" da eta nola josten den, azala nola jartzen den edo koloreak nola sortzen diren azaltzen die. "Lau kolore daude eta haiekin beste guztiak egiten dira. Papera ere aukeratu behar da… oso polita da".

Liburu baten azkenengo fasea salmenta da, eta Liburu bat egingo dugu sormen tailerrean ere azken urrats hau landuko dute. Liburuak prozesu luze baten ondorioa dira, eta haurrek liburutegietan eta liburu-dendetan liburuak ikusten dituzten arren, ez dute prozesu hori kontuan hartzen. "Prozesua ikusten asko ikasten da". Tailerrean dena uztartzen dute: kontakizuna, sormena, eskulanak, pantailak, liburuak… "Tresna guztiak erabiltzen ditugu". Gainera, behin lehenengo liburua egiten ikasi dutela gehiago egin dezaketela esan du Elvirak.

Erlazionatuak