Pilota

Ezkurdia finalerdietan dago eta Martijak Binakakoari agur esan dio

Guaixe 2021ko api. 12a, 10:30

Finalerdietarako play-offetan Jakak eta Martijak 19 eta 22 galdu zuten Altunaren eta Mariezkurrenaren kontra eta emaitza berberarekin nagusitu ziren Ezkurdia eta Galarza Olaizolaren eta Rezustaren kontra. Hortaz, bi sakandar izango ditugu asteburuan hasiko den Binakako finalerdietako ligaxkan: Zabaleta eta Ezkurdia

Binakako Pilota Txapelketako finalerdietara sailkatzeko play-offak jokatu dira asteburuan eta albisteak gazi gozoak dira: Julen Martijak ez du finalerdietara sailkatzea lortu, eta Joseba Ezkurdia, aldiz, finalerdietan egongo da, aurretik sailkatua zegoen Jose Javier Zabaletarekin batera. 

Larunbatean Erik Jakak eta Julen Martijak Jokin Altuna eta Jon Mariezkurrena izan zituzten aurkari Labriten jokatutako play-offean. Partida oso borrokatua izan zen eta Jakak eta Martijak finalerdietara pasatzea eskutan izan zuten, 18 eta 13 joan baitziren aurretik. Ongi aritu ziren Jaka eta Martija, serio, eta 5 tantoko errentarekin iritsi ziren partida bukaerara. Tantoak erraz ateratzen zitzaizkien. Baina Jakaren akats baten ondoren, pilota aldatu eta aldea murrizten hasi ziren Altuna eta Mariezkurrena, ez baitzuten partida galdutzat eman. 19ko berdinketaren ostean urduritasunak hasi ziren, eta presaren presaz aritu behar horrek ez zien Jakari eta Martijari mesede egin, lasaiago eta finago aritu baitziren Altuna eta Mariezkurrena. Horrela, partidari buelta ematea eta 19 eta 22 gailentzea lortu zuen Altunak eta Mariezkurrenak, Jaka eta Martija bidean eta etsipenean utziz. 

Atzo, Logroñoko Adarragan, finalerdietarako play-offetako beste partida jokatu zuten Joseba Ezkurdiak eta Ladis Galarzak Aimar Olaizolaren eta Beñat Rezustaren kontra. Esan beharra dago ez zela partida polita izan. Bi atzelariak ez ziren batere fin ibili, eta bereziki aurrean erabaki zen kanporaketa. Partida zoroak Olaizolaren eta Rezustaren kolorea hartu zuen, 19 eta 14 aurreratu baitziren, baina Joseba Ezkurdiak zezena adarretatik heldu, bere atzelaria ezinean zebilela jabetuta zama guztia bere gain hartu eta gutxika partidari bere erritmoa jarri zion. Olaizola dantzan jarri zuen Ezkurdiak, goizuetarrak ezin izan zion arbizuarraren erritmoari eutsi eta tantoak Aspeko bikoaren alde erortzen hasi ziren, Ezkurdiak egindako lan eskergari esker, ia tanto gehienetan sartu baitzen arbizuarra. Tentsio handia izan zen azken tantoetan, eta 19ra berdintzea eta 19 eta 22 gailentzea lortu zuten Ezkurdiak eta Galarzak. Ezkurdia izan zen protagonista nagusia eta partida lehertuta baina “oso kontentu” despeditu zuen arbizuarrak, izan ere, finalerdietan egotea lortu du. 

Txapelketa "irregularrena"
Ezkurdiak aitortu zuen akaso aurtengoa orain arteko Binakako Txapelketa “irregularrena” izaten ari dela berarendako. “Hala ere, lehendabiziko helburua lortu genuen, play-offetara sailkatzea, eta orain bigarrena lortu dugu, finalerdietan egotea. Badakigu finalerdietako ligaxkan aurretik ditugun hiru partidak oso oso zailak izango direla, baina borrokara aterako gara” nabarmendu zuen. 

Finalerdietako ligaxkako 1. jardunaldia
Asteburuan hasiko da Binakako finalerdietako ligaxka. 1. jardunaldian Elezkano II.a eta Zabaleta Altuna III.aren eta Mariezkurrena II.aren kontra ariko dira larunbatean Labriten, eta Ezkurdiak eta Galarzak Peña II.a eta Albisu izango dituzte aurkari igandean Adarragan.