Txirrindularitza

Igor Arrieta bigarrena Balentziaga Memorialean

Guaixe 2021ko api. 12a, 12:30

Lizarterekin afizionatuetan debutatu duen Uharte Arakilgo txirrindulariak Balentziagan erasoa jo zuen eta bere taldekide Pau Miquel Delgadorekin Memorialeko protagonista izan zen

Atzo afizionatuen mailako Espainiako Koparako baliagarria den 50. Balentziaga Memoriala lasterketa garrantzitsua jokatu zen (155 km), eta Lizarte taldearekin afizionatuen mailara saltoa eman duen Igor Arrieta txirrindulari uhartearra izan zen lasterketako protagonistetako bat. 

Balentziaga Memoriala oso lasterketa gorabeheratsua izan zen hasieratik, euriak baldintzatu eta are gehiago gogortu zuena. Erasoak izan ziren, bata bestearen atzetik, eta baita erorikoak ere, baina Lizarte taldeak proba kontrolatzea lortu zuen. Igor Arrietak (Lizarte) Urkaregiko igoeran apurtu zuen lasterketa, helmugarako 23 kilometroren faltan, erasoa jo zuenean. Urkaregi gainera heldu baino lehen bere taldekide Pau Miquel Delgado batu zitzaion, eta jaitsieran Eugenio Sanchez, baina Sanchezek ezin izan zuen luzaroan Lizartekoen erritmoa eutsi. Horrela, 1. mailako Ixuako Igoeran aurrean zeuden Arrieta eta Delgado, atzean zuten taldetxoari 40 segundoko aldea ateraz. Azkenean, Delgadok erasoa jo zuen eta bakarrik iritsi zen Arrateko helmugara (3:53:05). 20 urteko kataluniarrak afizionatuen mailako bere lehen garaipena lortu zuen. 1:28ra sekulako debuta egiten ari den Igor Arrieta sartu zen, lehen euskalduna, eta 2 minutura Pablo Uria (Gomur). Lizarte izan zen talderik onena. Iker Mintegi altsasuarra (Laboral Kutxa) 70. postuan sailkatu zen. Nabarmentzekoa da irteera hartu zuten 175 txirrindularietatik 94 erretiratu egin zirela, lasterketaren gogortasunaren isla. 

Afizionatuen mailako bere hirugarren podiuma
Igor Arrietak bere hirugarren podiuma lortu du; Lizarran hirugarrena izan zen eta apirilaren 4an Zornotzan jokatutako Udaberriko lasterketan hirugarrena, baina Balentziagako Memorialeko bigarren postuak beste zapore bat dauka, lasterketa nolakoa izan zen kontuan hartuta.