Arriskua duten kolektiboetako partaide diren pertsonak dira COVID-19 gaitzaren kontrako txertoa jasotzen lehentasuna dutenak. Eta gero adinaren araberako txertaketa egiten hasi zen Osasunbidea. 80 urte edo gehiago duten pertsonen txertaketa bukatu zen atzo Etxarri Aranazko oinarrizko osasun eskualdean eta apirilaren 2an Altsasukoan. Nafarroako Osasun Zerbitzuak gaur 70 eta 79 urte bitartekoen txertaketa hasi du Sakanan. Zehazki, Etxarri Aranazko frontoian Pfizer txertoa jasoko dute Lakuntza eta Urdiain arteko 582 sakandarrek. 509 hitzordu eman dira eta gainontzeko txertoak zehaztuta dituzten beste pertsona batzuei jarriko dizkiete. Bigarren txertoa, berriz, maiatzaren 4an jasoko dute.
Irurtzungo oinarrizko osasun eskualdeko 80 urtetik gorakoek bigarren txertoa hilaren 21ean jasoko dute Irurtzungo kiroldegian. Hurrengo egunean, apirilaren 22an, Arakil eta Arruazu bitarteko 70 eta 79 urte bitarteko sakandarren txertaketa txanda izanen da. Goiz eta arratsalde ariko dira Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileak txertoak jartzen. Osasunbidean galdetuta, ez dute zehaztu Altsasuko oinarrizko osasun eskualdeetako adin tarte horren txertaketa noiz izanen den.
Kexu
Gaur Etxarri Aranazko frontoian txertatzen ari zen langileetako batek azaldu duenez, “guk duela aste bat genekien txertaketa gaur eginen zela. Baina oraingoan hitzordua emateko deiak egiten gaizki ibili dira, igandean eta atzo aritu ziren. Jende asko ez zegoen etxean eta dei galdua ikustean hona etorri dira jakiteko noiz zuten txertaketa ordua”. Langileak esan duenez, “txertaketan dena ez da perfektua!”