Koronabirusa Sakanan

Apirilean martxoan baino %26,4 COVID-19 kasu gehiago

Guaixe 2021ko api. 13a, 14:31

Bi erizain COVID-19 txertoak prestatzen Etxarriko frontoian gaur.

Martxoan 170 sakandar gaixotu ziren koronabirusarekin; apirileko lehen hamabi egunetan, berriz, 215.

Ilbeltzean 113 sakandarrek pasa zuten COVID-19 gaitza. Otsailean 148 izan ziren, martxoan 170 eta apirileko lehen 12 egunetan 215 izan dira. Atzora arte, guztira 646 sakandar gaixotu dira aurten. Hau da, 2021ean COVID-19 gaitzarekin gaixotu diren sakandarren %33,28 azken 12 egunetan gaizkitu dira. Apirileko lehen 12 egunetan gaixotutakoen % 80 (172 kasu) lau herritan pilatu dira: Altsasun 64, Etxarri Aranatzen 50, Arbizun 34 eta Urdiainen 24. Kasu kopurua eta herrien populazioa kontuan izanik, azken hiru herrietako egoera da kezkagarriena. Apirileko kasuen gainontzeko %20 (43) hamar herrien artean banatzen da: Olatzagutia 10, Lakuntza 8, Irurtzun 6, Etxarren 5, Uharte Arakil 4, Lizarraga 3, Bakaiku 3, Iturmendi 2, Dorrao 1 eta Lizarragabengoa 1. 

Bestalde, pandemia hasieratik 1.816 sakandar gaixotu dira. Hau da, koronabirusak kutsatutako ibarreko herritar guztien %35,57k aurten pasa du gaitza. Atzora arte Sakanako populazioaren %8,96k izan du koronabirusa. Gaitzak nabarmenen jo duen herria Urdiain da (%22,09). Atzetik ditu Arbizu (%11,36), Iturmendi (%10,71) eta Etxarri Aranatz (%10,61). Bi zifrako portzentajera iritsi gabe daude Irurtzun (%9,75), Ziordia (%8,86) eta Altsasu (%8,68). Populazioaren %6 eta %8 kutsatu diren udalerriak lau dira: Arruazu (%7,55), Arakil (%6,96), Lakuntza (%6,43) eta Olatzagutia (%6,31). Kasu gutxien izan dituzten udalerrien artean daude Ergoiena (%5,41), Irañeta (%5,33), Uharte Arakil (%5,07) eta Bakaiku (%4,72).

Erlazionatuak