COVID-19 gaitzaren bilakaera ikusita, eta udalei kontsulta egin ondoren, Nafarroako Gobernuak erabaki du Arbizu eta Etxarri Aranatz itxi eginen dituela. Azken bi asteetan Arbizun 43 koronabirus kasu zenbatu dituzte, azken 14 egunetako intzidentzia metatua (martxoaren 29tik apirilaren 11ra) 3.621 kasukoa izan da 100.000 biztanleko, eta aurreko zazpi egunetan 1.515 kasukoa. Etxarri Aranatzen, berriz, 55 COVID-19 kasu zenbatu dituzte azken bi asteetan eta azken 14 egunetako intzidentzia metatua 100.000 biztanleko 2.158 kasukoa izan da, eta aurreko zazpi egunetako intzidentzia 1.710 kasukoa.
Arbizuko Udalak jakinarazi duenez 80 pertsona daude etxean konfinatuta eta Etxarri Aranazko Udaleko kideek kalkulatzen dute 200 bat etxarriar izanen direla etxetik atera ezinik daudenak. Ondorioz, epidemiologia egoera bideratzeko Osasunbideak bi herrien perimetroa ixtea bi asterako aginduko du, apirilaren 15etik 29ra. Epidemiologia egoeraren arabera, neurri hori luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe uzteko aukera izango dute.
Gainera, etxarriarren artean COVID-19 gaitza atzemateko baheketa eginen dute osasun etxeko langileek. Zehazki, 15 eta 29 urte bitarteko eta 45 eta 64 urte bitarteko 820 pertsona deituko dituzte. Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, PCR probarik ez dute egin beharko aurreko 10 egunetan proba diagnostiko bat egin dutenek eta azken hiru hilabeteetan PCR edo antigeno test bidez emaitza positiboa izan dutenak. Osasunbideak baheketa antolatu bezain laster jakinaraziko du non eta noiz eginen den azterketa. Aldi berean, hitzordua emateko bidea ere emanen du. Nafarroako Osasun Zerbitzutik gaztigatu dutenez, “baheketara ez dira joan behar isolamenduan edo berrogeialdian dauden pertsonak, eta COVID-19rekin bateragarriak diren sintomak dituzten pertsonek isolatu eta osasun etxearekin kontsultatu behar dute”.
Herriaren perimetro itxierak berarekin dakar arbizuarrak eta etxarriarrak ezin izanen direla beraien herrietatik atera, ezta beste inor Arbizura edota Etxarri Aranatzera sartu. Bi herrietatik atera edo sartu nahi dutenek justifikatutako arrazoiren bat izan beharko dute hori egiteko. Esaterako, lanera, ikastera edo medikuarengana joan beharra, ohiko bizilekura bueltatu beharra, pertsona ahulei arreta eman beharra, edo ezinbesteko beste arrazoi batzuekin zerikusia duten joan-etorriak.
Arbizu
Udalak zabaldu duen oharraren bidez gogorazi duenez, “zero kutsadurarik ez badago ere, gure aldetik ahalegin bat egin beharrean gaudela iruditzen zaigu”. Horregatik, arbizuarrak musukoak behar bezala erabiltzera, distantziak mantentzera, eskuak maiz garbitzera eta talde handitan ez biltzeko deia egin du. Neurri horiek hartuta “koronabirusa ahalik eta gutxien zabalduko delako; zaurgarriak diren pertsonak ezinbesteko den baino arrisku handiagoa ez jartzeko; herriko merkataritza, ostalaritza, kiroldegi, liburutegia eta beste zabalik mantentzeko; denon osasuna zaintzeko eta lehenbailehen izurri hau gainditze bidean jartzeko”. Arbizuko Udaleko kideek nabarmendu dutenez, “zaintza eta bizitza erdigunean nahi ditugu eta, horretarako, prebentzio neurriak ezinbestekoak dira”.
Egoera berriaren inguruko eraginaren inguruan, Etxarri Aranazko Udalak bihar zabalduko du oharra.
3.606 pertsona
Bi herrien perimetro itxierak 1.109 arbizuarrei eta 2.497 etxarriarrei eragiten die.