Mendia

Artzainen bizimodua ezagutzeko familiarteko mendi txangoa antolatu du Mank-ek

Guaixe 2021ko api. 14a, 11:30
Naturanitzean Gozatzen programan Ergoienan barrena ipar martxa antolatu zutenekoa.

Apirilaren 25ean izanen da, Sakanako Mankomunitateak antolatutako Naturanitzean Gozatzen programaren barruan, Dantzalekutik abiatuta. Izena ematea zabalik dago

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak eta Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuak Naturanitzean Gozatzen programa antolatu dute elkarlanean, natura ezagutu, kirol praktika berriak sustatu eta lagun berriak egiteko. 8 txango eta mendi irteera dira guztira. Tartean, apirilaren 25ean, igandearekin, familia arteko mendi ibilaldia prestatu da, artzainen bizimodua ezagutzeko. Goizeko 10:00etan jarri da hitzordua, Altsasuko Dantzalekun, eta 3 orduko ibilaldia izanen da, zailtasunaren aldetik oso erraza. 

Monitoreak euskaraz emango ditu argibideak, eta norbaitek ez badu ulertzen, erdaraz emanen zaizkio azalpenak. Ibilbide gidatua denez, norbanakoek 10 euro (12-25 urte bitartekoek edo 65 urte baino gehiagokoek 5 euro) eta familiek 20 euro (guraso bakarreko familiek 15 euro) ordaindu beharko dute. Leku mugatuak daudenez, aurretik eman behar da izena, apirilaren 21 baino lehen, Sakanako Mankomunitatean (948 464 866 eta 648 070 710 telefonoak edo kirolak@sakana-mank.eus eta anitzartean@sakana-mank.eus posta elektronikoak). Txangora jarduerarako arropa egokia, ura eta hamaiketakoa eraman beharko da.