"Apirilak 17, larunbata. Bost pilula" dio, kaxak. Klak! Lehenengoa atera, musukoa jaitsi eta ahora. Bigarren pilula… ahora. Hirugarrena, laugarrena, bosgarrena… hirurak batera, ahora. Jada ez du ur tragorik behar konprimatuak irensteko. Edo ahaztu zaio behar duela.
Logelara bidean Gabon, Kontxi! agurtu du bere kidea. Baina emakumearen begitartean, imintziorik ez. "Betikoa" pentsatu du, gelako atea ireki bitartean.
Pertsiana jaitsi eta leiho ertzetik gaueko isiltasunari so, kaleko hutsuneak harritu egin du; baina, "tira, bihar lanera joateko goiz oheratu dira" pentsatu du. Kris-kras-kris-kras… pertsiana jaitsi du eta lanpararen gerizpeak logelako lau hormak itzalpetu ditu.
Ohean etzan eta gogoratu du; Kontxi ez, Antonia zela. Eskuak bularrean jarri eta bere kolkorako otoitzean… Gure aita zeruetan zerana, santu izan bedi zure izena… baina atera gaitzazu gaitzetik, amen -errezatu du gauero legez.
Orain, begietako errezelak itxi eta pixkanaka gorputza sentitzeari utzi dio. Gorputza bai, baina garuneko fabrikan atsedenaldia lortzea zailagoa egiten zaio. Hipokanpoaren narriadurek ametsen trafikoa aztoratzen diote. Trafiko zalapartatsuan bada ere, gauetan, badaki gogoratu eta ahaztea ez dela krimena. Klaxon hotsak han-hemenka, baina kuttunak ditu gauak; gogoratzen ez duela ahaztearen eta ahazten duela gogoratzearen guda konstantean.
-Txirrinnnn! -iratzargailuak esnatu du; ohikoa baino beranduago. Pozik, arratsaldean pilota partida dagoela
oroitu du, eta motibazioaz ohetik altxatu da azkar batean.
Oinak lurrean, eta begien gaineko trafikoak trafiko, edonork egin lezakeen itaunik existentzialenaz hasi du eguna:
"Ze egun da gaur?"