Areto futbola

Aralar Mendik partida erabakigarria du jokoan

Guaixe 2021ko api. 16a, 08:00
Aralar Mendi, igoera fasea sailkatu zela ospatzen.

3. mailako areto futboleko 2. fasean Aralar Mendik Ablitas izango du aurkari larunbatean Uharten eta Xotak Kirol Sporten kontra jokatuko du larunbatean Orkoienen

3. mailako areto futboleko 2. faseko 7C azpimultzoan 4. jardunaldia jokatu zen asteburuan baina Uharte Arakilgo Aralar Mendiri atseden jardunaldia zegokion. 7C taldeko liderra Anaitasuna taldea da (12 puntu) eta Aralar Mendi 5. postuan dago, puntu bakarrarekin. Asteburu honetan 5. jardunaldia jokatuko da eta Aralar Mendik partida oso erabakigarria du jokoan sailkapenean 2. postuan dagoen Ablitas taldearen kontra. Izan ere, igoera fasea da multzo honetan jokatzen ari direna eta garaipena funtsezkoa litzateke Uharte Arakilgo taldearendako. Partida larunbatean jokatuko da, 19:00etan, Uharte Arakilgo pilotalekuan. 

Xotak Kirol Sport aurkari
Irurtzungo Xotak 7E azpimultzoan jokatzen du eta azken bi asteetan atseden hartu du txapelketak. Sailkapenean Garbayo Chivite Cintruenigok jarraitzen du lider (6 puntu) eta Xota hirugarrena da, hiru punturekin. Larunbatean Kirol Sport izango du aurkari Xotak 17:30ean Orkoienen jokatuko den partidan.