Txirrindularitza

Kadeteen 33. Burunda Trofeoa jokatuko da larunbatean Altsasun

Maider Betelu Ganboa 2021ko api. 16a, 11:00
Aurtengo kadeteen mailako Quesos Albeniz-Burunda taldeko txirrindulariak.

Arratsaldeko 16:00etan abiatuko da eta 51 kilometroko proba izango da

Orain arte juniorren mailako bi lasterketa jokatu dira Altsasun, baina larunbatean kadeteen txanda izango da. Izan ere, 33. Burunda Txirrindulari Elkartea Trofeoa jokatuko da larunbatean, 16:00etan, Iortia plazatik abiatuko dena. 

Kadeteen mailako txirrindulariek 51 kilometro osatu beharko dituzte. Lehendabizi Ziordiraino joango dira, han buelta hartu eta Bakaikuraino heltzeko. Bakaikutik itzulita, Ziordiraino segiko du tropelak, han buelta hartu eta Olaztin sartuta, Altamira igotzeko. Portua jaitsi ondoren, Iturmendiraino segiko du tropelak, eta handik buelta hartuta, Altsasuraino joko dute, udaletxe aurrean egongo den helmugaraino, 17:30ak inguruan. 

Aznar, Lopez eta Uncilla Nafarroako Juniorren Txapelketako Top-Tenean
Igandean III. Rober Innova Trofeoa jokatu zen Lizarran, junior mailako lasterketa, aldi berean Nafarroako Junior mailako Txapelketa izan zena. 97 kilometroko lasterketa gogor eta zorrotza izan zen, esprintean erabaki zena. Donosti Berri taldeko Yago Agirre gailendu zitzaion Galdakautoko Galder Bengoetxeari. Quesos Albeniz Burunda taldeko Hugo Aznar 6. sartu zen, bere taldekide Sergio Lopez 7. eta Mikel Uncilla 9, Top Tenean. Helmugan 4. sailkatutako Xabier Zabala (Bar Restaurante El Volante) izan zen Nafarroako Junior Mailako txapelduna. Quesos Albeniz izan zen talde onena. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Jon Erdozia (Sakana Group) 13. sailkatu zen, Unai Garro (Sakana Group) 16., Oihan Etxeberria (Q. Albeniz) 46., Xabier Borrega (Q. Albeniz) 47. eta Ander Villalobos (Q. Albeniz) 61.