Argi dago bizitzen ari garen momentua ez dela erraza. Inoiz espero ez genuen gertaera bat etorri zitzaigun gainera ustekabean, abisatu gabe. Gure kaleak eta gure bizitzak aldatu egin dituen bisitaria, alegia, gure mundua hankaz gora jartzera etorri den birus famatua.
Ez dago zalantzarik mundu mailako pandemia hau oso momentu gogorrak ekartzen ari dela gure kaleetara, etxeetara eta gure barneko txoko guztietara. Osasunaren egoera, gaixotasuna, galdutako pertsonak, egoera ekonomiko eta soziala… gure azaleko ileak tente jartzen dizkigu, gure barnean ezinegon eta sufrimendu sakon bat sortuz. Egoera honetan gure gorputz barnean beldurra, tristura eta haserrea dira protagonistak une askotan.
Gizakiaren helburua segurtasuna bilatzea da, bizirik mantentzen lagunduko dion osagai ezinbestekoa. Hala ere, pentsatzen jarriz gero, benetan posiblea al da segurtasun hori kanpoan topatzea? Kanpoko egoerak gure kontrolpean daude? Argi dago bizitzak diseinu misteriotsua duela eta ez dakigula etorkizunak zer ekarriko digun. Hala ere, badago leku bat non aukera dugun segurtasun hori lantzeko: gure BARNEAN, alegia.
Kanpoko egoera zaila da, argi dago. Baina, egoera honen aurrean zein jarrera hartuko dugun erabakitzea gure eskuetan dago. Victor Frankl judu austriarra datorkit burura. Psikiatra honek hiru urte pasa zituen lau kontzentrazio eremutan, bere emaztea, guraso, anaia eta lagun asko galdu zituen bidean, momentu urratzaile sakonak biziz. Bizipen hauek zirela eta, ondorio batera iritsi zen: “Kanpoko egoerak dena kendu al digu, gauza bat izan ezik: egoera horri zein erantzun emango diogun erabakitzeko askatasuna”.
Zer egin dezakegu orduan gure ongizatea lantzeko?
Egoera honek eguneroko gauza txikiei erreparatzea ekarri digu. Gure ongizatea lortzeko pausoetako bat horretan datza, gure eskuetan dauden eguneroko ekintza txiki horietan atentzioa jartzea eta hauekin disfrutatzea: liburu polit batekin, lagun baten elkarrizketarekin, postre goxo batekin...
Emozioak lantzea ere gomendagarria izan daiteke. Emozio desatseginak (beldurra, tristura…) sentitzea eta “besarkatzea” osasuntsua da, baina ez da gauza bera beldurra sentitzea edo beldurtuta bizitzea. Bigarren kasu honi atentzioa jartzea gomendatzen da, hauek enkistatzeko arriskua baitago.
Ditugun indarguneak gure alde jartzea ere oso interesgarria da, izan, baditugulako. Egoera zailen aurrean hauetan zentratzea asko lagundu ahal digu egoera beste foku batetik begiratu ahal izateko.
Eta bukatzeko, eta Victor Frankl-en eskutik idatzia ixteko, bizitzari zentzua ematen dioten gauzei erreparatuko diegu. Zerk ematen dio zentzua zure bizitzari? Zein arrazoik egiten zaituzte zoriontsu? Zerk konektatzen dizu alaitasunarekin?
Esan bezala, bihotzez animatzen zaituztegu gure barneak ikertzera, bidaia polita izan daitekeelako!