Errefuxiatu eremuetarako esnea jaso dute

Guaixe 2021ko api. 20a, 10:04
Bakaikun jasotako esnea kamioian kargatzen. Argazkia: @bakaiku_info.

5.000 litro baino pixka bat gehiago jaso ziren ibarrean hilaren 10ean.

Gerratik, ekonomia krisietatik edo jazarpenetik ihesi egiten duen makina bat jendek Europa du helburu, bertan bizimodu hobea lortzeko. Baina ametsa amesgaizto bihurtzen zaie errefuxiatu eremuetan urtetan bizi direnei. Bizi baldintza eskasetan bizitzeaz aparte, burokrazia motelari ere aurre egin behar izaten diete. Eta horri pandemia gehitu zaio. 

Greziako Lesboseko errefuxiatuak laguntzen aritzen da Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundea. Eremuetan dauden pertsonen elikadura ona bermatzea da elkartearen helburua. Greziako Gobernuak errefuxiatuei ematen diena nahikoa ez dela eta Zaporeak-ek fruta eta esnea ematen die. Fruta Grezian erosten dute, baina esnea Euskal Herritik eramatea erabaki dute. Horretarako ari dira herrialdekako esne bilketak egiten eta hilaren 10ean Sakanan 5.000 litro baino pixka bat gehiago jaso zituzten. Arbizun, Bakaikun, Altsasun eta Ziordian egin zuten bilketa.