Perimetro itxieragatik aldaketak Mank-en Hondakin Zerbitzuan

Guaixe 2021ko api. 19a, 09:13

Sakanako Mankomunitatearen hondakinen tratamendu planta Etxarriko Hartzabaletik.

Sakanako Mankomunitateak Arbizun duen hondakinen tratamendu plantara ezin izanen da inor joan herriko perimetro itxiera bukatu arte. Hondakin Zerbitzuak egoerara egokitu eta zerbitzuak eskaintzen segituko du.

COVID-19 gaitzak eragindako epidemiologia egoeragatik Osasunbideak Arbizuren perimetro itxiera agindu du. Erabaki horrek Sakanako Mankomunitateko Hondakinen Zerbitzuari zuzenean eragiten dio, arbizuarrak ez diren sakandarrak ezin izanen baitira hara joan. Arbizuko tratamendu plantan sakandarrei hainbat zerbitzu eskaintzen zaizkienez, Mank-ek erabaki du lan egiteko moduan aldaketak egitea bere zerbitzu eskaintzari eusteko. 

Beraz, hilaren 29ra arte indarrean izanen diren hainbat erabaki hartu ditu Hondakin Zerbitzuak. Lehenik, atez ateko sistema dagoen herrietan bizilagunen batek pertza behar badu, Mank-eko hezitzaileek bere posteko zintzilikarioan utziko diote. Bestalde, konpostagarriak diren poltsak behar dituztenek Altsasuko garbigunetik pasa beharko dute, astegunetan, 09:00etatik 14:30ak arte. Garbigune Altsasuko hilerriaren eta Txioka ikastola arteko Santo Kristo Barren kalean 250 metro aurrera eginda opatuko dute interesatuek. 

Etxetik altzariak, tresna elektrikoak, tamaina handiko tresnak, hondakin arriskutsuak edo bestelakoak kendu nahi dituztenak hiru aukera dituzte. Batetik, Altsasuko garbigunera eraman. Bestetik, Emausgo Trapuketarien doako bilketa eska dezakete eta etxean jasoko diote (tamaina handiko hondakinak ez). Eta, azkenik, astero Sakana zeharkatzen duen garbigune mugikorrera eraman daiteke. 

Moldaketa gehiago 
Arbizuko tratamendu planta itxita dagoenez, sakandarrak ezin izanen dira hara joan bi astez konposta hartzera. Eta perimetro itxiera bukatu arte zain egon beharko dute. Gauza bera gertatzen da konpostagailuak nahi dituztenekin, bi aste itxaron beharko dutela. Bestetik, Altsasun ezarria dagoen 5. edukiontzirako materiala behar dutenek (poltsa konpostagarriak, kuboak, giltzak), lehenik hezitzaileekin hitz egin beharko dute eta, ondoren, Altsasuko garbigunetik pasa beharko dute hitzartutako materiala jasotzera. 

Hondakinen kudeaketa egokia egiteko Mank-en eskuorriak edo gidak nahi dituztenek ibarreko erakundeko hezitzaileekin harremanetan jarri daitezke eta haiek Whatsappez edo posta elektroniko bidez bidaliko dute. Landareak kimatu edo inausi dituztenek materia organiko hori Altsasuko garbigunera eramateko aukera izanen dute. Han ere utz daitezke obra txikiek sortutako hondakinak, egur zatiak eta txatarra. 


Harremanetarako 
Eskaerak egiteko edota informazioa eskatzeko: 
900 730 450 (doakoa) hz2@sakana-mank.eus (hezitzailea) edo hz5@sakana-mank.eus (hezitzailea).

Emauseko Trapuketarien bilketa eskatzeko: 
Sakanako Mankomunitaeren webgunea  edo 948 464 867.

Altsasuko garbiguneko ordutegia:
Astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:30era.