GKSk jardunaldiak antolatu ditu

Guaixe 2021ko api. 16a, 10:59
Gazte Koordinadora Sozialistaren hitzaldia Arbizuko udaletxean. Argazkia: @GKS_Sakana.

Gazte langileei zuzendutako hiru hitzaldiak prestatu eta Langileen Egunerako manifestazioa deitu du.

Sakanako Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) Gazte langileok klase batasuna! jardunaldiak antolatu ditu apirilerako. Saio horien bidez GKSko kideek nahi dute “gazte langileoi zehazki eta proletalgoari osotasunean eragiten diten auziez hausnartzeko aukera” izatea. Jardunaldiei gazteen kriminalizazioari buruzko hitzaldiak eman zion hasiera Arbizun joan den ostegunean. Gaur pobrezia orokortua gai hartuta hitzaldia izanen da Altsasuko gaztetxean, 18:00etan. Etxarri Aranatzen egitekoa zen hitzaldia, baina perimetro itxieragatik Altsasura lekualdatu dute. 

Jardunaldiak despeditzeko beste bi hitzordu iragarri dituzte. Hilaren 24an, Irurtzungo kultur etxean, langile mugimendutik ateratako irakaspenak hitzaldia izanen da lehenik. Eta hura despeditzean Jasone eta Nerepe abeslariek kontzertua eskainiko dute. Bukatzeko, GKSk maiatzaren 1erako, Langileen Egunerako Klase batasunaz, sozialismoa eraiki manifestazioa deitu Altsasun, 19:00etan, Foru plazatik abiatuta.