Bai Javier Razkin Flores bai Silvia Marañon Chasco alkateendako “benetan garrantzitsua da, herrian inor arriskuan ez egotea da eta, horretarako, kutsatzeak ekiditea”. Horregatik arbizuar eta etxarriar guztiei “arduraz jokatzea eta ezarritako prebentzio-neurriak betetzera” deitu dituzte. Gogorarazi dutenez, “oso garrantzitsua da urruntze soziala eta ahalik eta gehien murriztea gure familia-unitatetik kanpoko pertsonekiko harremanak”.
Aldi berean, herritarrei dei egin diete “leku itxietan bilera oro saihesteko, eta, gogoratu, ezingo dira 4 pertsona baino gehiago elkartu bizikidetza-unitate bereko pertsonak ez badira”. Bi alkateek esan dutenez, “zenbat eta azkarrago kontrolatu korobirusaren hedadura, lehenago kenduko digute perimetro itxiera. Zaindu gaitezen eta zaindu ditzagun ingurukoak”.
Mugikortasuna
Bi herrien perimetro itxiera ezarria dagoen bitartean arbizuarrek eta etxarriarrek bakarrik beraien dermioan ibiltzeko aukera izanen dute. Ezin izanen dira dermiotik inolako justifikaziorik gabe atera. Arbizuarrek eta etxarriarrek justifikaturiko joan-etorriak egiteko honako arrazoietako bat izan beharko dute, dagokion ziurtagiriarekin egiaztatu beharko dutena: osasun arrazoiak; lan edo lege arloko betebeharrak betetzea; unibertsitateetara, ikastetxeetara eta heziketa zentroetara joatea; ohiko bizilekura bueltatzea; adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, desgaitasuna dutenei edo bereziki kalteberak direnei arreta ematea eta haiek zaintzea; finantza eta aseguru entitateetara edo erregai zerbitzuguneetara joatea; organo publikoen, judizialen edo notarioen jarduerak; baimenak eta agiri ofizialak berritzea; azterketa edo proba ofizialak eta orain arteko neurriek baimentzen dituzten kirol txapelketak.
Arbizuarrek ibilgailuren batekin herritik ateratzeko autobia erabili beharko dute. Etxarriarrek Lizarragako bidean dagoen autobiako irteera erabili beharko dute. Gainera, Zumurdiñeta industrialdean dagoen enpresaren batera joan behar duten etxarriarrek aipatutako autobiako irteeratik Haritzalkokora joan beharko dute industrialdera iristeko. Bideberri zaharra itxita dute bi herrietan. Herrien sarrera-irteerak zaintzen eta ziurtagiriak eskatzen Foruzaingoa eta Guardia Civilako patruilak daude. Arbizuko Udalak eskatu du norbaitek polizia gehiegikeriarik jasanez gero udaletxera hots egiteko.
Bestelako neurriak
Arbizuko eta Etxarri Aranazko dendak, tabernak eta jatetxeak zabalik daude, baina herrikoendako bakarrik; Nafarroako gainerako establezimenduek dituzten murrizketa berberak izan beharko dituzte. Arbizuko kiroldegia eta liburutegia herritarrek bakarrik erabil ditzakete itxialdia indarrean den bitartean. Etxarri Aranazko Udalak, bestalde, kultur etxea, frontoia, futbol zelaia eta autokarabana gunea itxi ditu. Gainera, aurreikusitako kultura- eta kirol-jarduera guztiak bertan behera gelditu dira. Baita asteleheneroko azoka ere.