Txirrindularitza

Arrieta Torredonjimenoko ihesaldian

Guaixe 2021ko api. 19a, 11:50

Helmugarako 500 metroren faltan harrapatu zuten

Atzo Torredonjimenoko afizionatuen mailako lasterketa jokatu zen, Espainiako Koparako baliagarria zen 3. lasterketa. Igor Arrieta (Lizarte) ihes eginda zegoen, baina helmugarako 500 metroren faltan harrapatu zuten uharte arakildarra. Telcom taldeko Timo de Jongek irabazi zuen lasterketa, atzeko taldeari 55 segundo aterata. Igor Arrieta lehen euskalduna izan zen, 22. postuan. 

Lasa, Gil eta Alberdi
Igandean Eusebio Velez Trofeoa jokatu zen Duranan, Euskadiko Txirrindularitza Federazioak antolatutako afizionatuen Abiatzen Torneoko 7. proba. Tropela oso apurtuta geratu zen Arlabango Portuaren jaitsieran ondoren eta Gatzagako igoeran hirukote batek egin zuen aurrera. Horien artean jokatu zen etapa eta Unai Iribar (Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa) gailendu zitzaion Julen Arriolari (Rural Kutxa-Seguros RGA) eta Imanol Alvarezi (Eiser-Hirumet). Ailetz Lasa ziordiarra (Laboral Kutxa) 71. postuan sailkatu zen eta Jon Gil lakuntzarra (Lizarte) 72. postuan. Lasaren Laboral Kutxa izan zen talderik onena. 

Egun bat lehenago, larunbatean, afizionatuen Abiatzen Torneorako baliagarria zen lasterketa jokatu zen Markina Xemeinen, esprintean erabaki zena. Santiago Mesa (Grupo Eulen) gailendu zitzaion Lizarteko Mikel Retegiri. Ailetz Lasa denbora berean sartu zen, 16. postuan. Aitor Alberdi arbizuarra (Rural Kutxa) 92. postuan sailkatu zen.