Futbola

Lagun Arteari ihes egin zion garaipenak

Guaixe 2021ko api. 19a, 13:00

1. Maila Autonomikoa. 1. multzoa. 11. jardunaldia: Lagun Artea 1 – Iruña 1

Igandean Lagun Arteak Iruña taldea hartu zuen Zelai Berrin. Baja ugari izan zituen Lakuntzako taldeak, baina ongi aritu zen eta Iruña taldearekin batera, partida entretenigarria eskaini zuten. Lehen zatian parez pare ibili ziren bi taldeak, eta markagailua ez zen mugitu. Bigarren zatia hasi eta berehala Ansorenak Lagun Artea aurreratu zuen. Erasoan jarraitu zuten lakuntzarrek eta partida ixteko bi gol aukera oso argi izan zituzten, baina ez zituzten gauzatu. Eta Iruñak ongi probestu zuen egoera, 74. minutuan partida berdintzea lortu baitzuen. Azkenean, puntu banaketarekin despeditu zen partida. 

1. Maila Autonomikoko liderra Erriberri da (27 puntu). Lagun Artea 9. postuan dago (7 puntu). Datorren jardunaldian sailkapenean 5. postuan dagoen Zarramonza taldearen kontra jokatuko du Lagun Arteak.

Erregionalean Altsasuk atseden jardunaldia zuen
Asteburuan erregional mailako 11. jardunaldia jokatu da. Altsasuk atseden jardunaldia zuen. Sailkapenean Gazte Berriak da liderra (21 puntu) eta Altsasu 6. postuan dago (13 puntu). Datorren jardunaldian 8. postuan dagoen Liceo Monjardin izango du aurkari Altsasuk.