Koronabirusa Sakanan

Nafarroako murrizketa neurriak maiatzaren 9ra arte luzatuko dira

Guaixe 2021ko api. 19a, 20:00

Jendea Etxarri Aranazko plazako terraza batean. Artxiboa.

Foru administrazioak alarma egoeraren akaberara arte luzatuko ditu edukiera, mugikortasuna eta bileren gaineko murrizketak COVID-19aren pandemiari eusteko.

Nafarroako Gobernuak, epidemiologia eta osasun egoera kontuan hartuta, maiatzaren 9ra arte, alarma-egoeraren akaberara arte, luzatuko du COVID-19aren pandemiari aurre egiteko indarrean dauden murrizketak. Modu horretan, mugikortasuna (gauekoa eta perimetrakoa) eta eremu publiko eta pribatuko bilerak arautzeko Maria Chivite Navascues lehendakariak emandako foru-dekretua aste honetan bertan berrituko da egun horretara arte; baita, Santos Indurain Orduna osasun kontseilariaren foru-agindua ere, ostalaritzako barrualdeen erabilera eta edukierak mugatzen dituena, besteak beste. Era horretan, indarraldia Lehendakariaren dekretuarekin eta Estatuko araudiarekin egokituko da. Foru administraziotik jakinarazi dutenez, indarrean diren neurriak dagokien monitorizazioaren mende egongo dira beti.

Nahiz eta egia izan azken astean Nafarroan koronabirusaren kasu positibo berriak %21 jaitsi direla, azken 14 egunetan pilatutako intzidentzia 408 kasukoa da 100.000 biztanleko. Horrek agerian uzten du Nafarroa arrisku oso handiko egoeran dagoela, kalifikazio hori 250 kasutik gorako intzidentziarekin lortzen baita. Modu berean, azken 7 egunetan metatutako intzidentziari dagokionez, Nafarroan 179 kasu izan dira 100.000 biztanleko; beraz, arrisku oso handi hori markatzen duen 125 kasutik gora.

Gainera, ospitaletako presioak oso altua izaten jarraitzen du, atzo, adibidez, 210 pertsona ospitaleratu baitziren, horietako 42 ZIUn. Ondorioz, intzidentziak nahiz ospitaletako presioak neurriak mantentzea gomendatzen dute, birusari eusteko eta inpaktu asistentziala ahalik eta gehien gutxitzeko. 

Neurriak
Ostalaritzako barrualdeak itxita jarraituko du, eta ezinen da jarduerarik egin bingoak, joko-aretoak eta jolas-aretoak bezalako establezimenduen barruko zonetan; azalera ertain eta handietako edukiera komertzialak %30ekoa izaten jarraituko du (ezinen da horietan eremu komunetan egon edota aisiarako zonak erabili) eta saltoki txikietan %50ekoa; era berean, ezingo dira familia-ospakizunak, ospakizun sozialak, lagun artekoak edo aisialdikoak egin, janari eta/edo edari kontsumoarekin, ekitaldietarako funtzio anitzeko espazioen barrualdean.

Horrez aparte, indarrean jarraituko du gaueko mugikortasunaren murrizketak; hau da, ezinen da 23:00etatik 06:00etara kalean ibili; Nafarroa itxita jarraituko du perimetralki, eta ezinen dira bilerak egin eremu publiko zein pribatuan. 6 pertsona bildu daitezke dira espazio publiko irekietan eta 4 espazio publiko itxietan, bizikidetza-unitate bereko pertsonak direnean izan ezik. Eremu pribatuan, bilerak bizikidetza-unitatera mugatzen dira. 

Neurri guztiak eguneratuta daude Nafarroako koronabirusaren web orrialdean.