Txirrindularitza

Iker Villar eta Nahia Imaz txapeldun Altsasun

Guaixe 2021ko api. 21a, 11:45

Iker Villar (Ega Perfil) txirrindulariak irabazi zuen igandean jokatutako kadeteen mailako gizonezkoen 33. Burunda Trofeoa. Hiru sakandar sailkatu ziren Top-Tenean: Mikel Regil, Asier Etxeberria eta Aritz Oiarbide. Emakumezkoetan Nahia Imaz juniorra gailendu zen

Larunbatean kadeteen mailako 33. Burunda Txirrindulari Elkartea Trofeoa jokatu zen, 51 kilometroko lasterketa, Burunda Klubak antolatutakoa. Gizonezkoen kadeteekin batera, junior mailako emakumeek parte hartu zuten proban. 127 txirrindulari zeuden izena emanda, eta 87k lortu zuten proba osatzea. 

Lasterketa Bakaiku eta Ziordia artean gauzatu zen, eta txirrindulariek Altamirako portua behin igo zuten. Lasterketa gorabeheratsua izan zen, eta azkenean boskote bat iritsi zen elkarrekin Altsasuko udaletxe pareko helmugara. Esprintean, Ega Perfil taldeko Iker Villar gailendu zitzaien Gorka Corresi (Suministros Zadorra), Raul Ostizi (Gama Muruzabal) eta Markel Belokiri (Iridoi). 13 segundora sartu zen tropela, Mikel Regil Fernandez altsasuarra (Quesos Albeniz) buru zela, 6. postuan. Bere taldekide Asier Etxeberria Anton urdiaindarra 9. sailkatu zen, eta Sakana Group-Aralar taldeko Aritz Oiarbide Erdozia etxarriarra 10. postuan. Mendiko Txapelketa Marco Martinek (Gastronomia Baska) irabazi zuen, tarteko helmugen sailkapena Unai Bonillak (Ekin) eta Gama-Muruzabal-Erro y Eugui taldea izan zen lasterketako talderik onena. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Iker Gomez (Q. Albeniz) 11. sartu zen, Iker Agudelo (Q. Albeniz) 13., Manex Zufiaurre 29. (Sakana G.) 29., Gabriel Irurtia 42., Adrian Martinez 43., Pablo Senosiain 57., Ion Lizarraga 77. eta Ion Aierbe 80. 

Emakumezkoetan Imaz etxean garaile
Emakumezkoetan Nahia Imaz Perez altsasuarra (Nafarroa Ermitagaña) gailendu zen, sailkapen absolutuan 32. postuan sailkatu eta gero, bere taldekide Laia Puigdefabregasen aurretik. 

Juniorrak Lizarran
Igandean Meoki Memoriala jokatu zen Lizarran, juniorren mailako lasterketa. 144 txirrindulari zeuden izena emanda, eta 70 klasifikatu ziren. Lasterketa mugituan, 28 txirrindulariz osatutako tropela iritsi zen batera helmugara eta Xabier Zabala (Bar Restaurante El Volante) gailendu zen (2:05:34). Quesos Albeniz taldeko Hugo Aznar 10. postuan sartu zen. Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Jon Erdozia (Sakana G.) 15. sartu zen, Mikel Uncilla (Q. Albeniz) 19., Sergio Lopez (Q. Albeniz) 36., Ander Villalobos (Q. Albeniz) 41. eta Oihan Etxeberria (Q. Albeniz) 66.