Hitzordu berezia liburudendetan

Guaixe 2021ko api. 20a, 11:45
'Hitzordu itsua liburu batekin' ekimeneko liburuak erosteko prest. ARKATZ LIBURUDENDA

Liburuaren egunaren harira, Etxarri Aranazko Kaxeta liburudendak eta Altsasuko Arkatz liburudendak ekimen berezi bat jarri dute martxan: 'Hitzordu itsua liburu batekin'.

Liburu bat erosi haren inguruko eskema labur baten bidez; itsuan. Liburu sorpresak. Kaxeta eta Arkatz liburudendek 2021eko Liburuaren egunerako prestatu duten proposamena da: liburuekin hitzordu edo zita itsuak izatea. Atzo hasi eta apirilaren 24ra iraungo du proposamenak bi liburudendetan.

Helena Aldasoro Arkatz liburudendako jabearen ideia izan zen, eta iaz antolatu zuen lehenengo aldiz aldiz, emaitza positiboekin. Hortaz, aurten errepikatzea erabaki du, eta aurten bi liburudenda "elkarlanean" aritu dira 'Hitzordu itsua liburu batekin' prestatzen. Gainera, Arkatz liburudendan aste honetan zehar liburu bat erosita, Haritza tabernako afari bat irabazteko zozketan sartuko dela jakinarazi dute liburudendatik.