Mendi lasterketak

Beñat Katarain eta Amaia Razkin Euskal Herriko selekzioarekin Peñon Xtremen

Guaixe 2021ko api. 28a, 12:00

Espainiako Koparako baliagarria zen Sevillako Algamitasen jokatutako lasterketan Beñat Katarain bosgarrena izan zen gizonezkoetan eta Amaia Razkin hogeitabatgarrena emakumezkoetan

Euskal Herriko Mendi Lasterkarien selekzioko ordezkaritza bat igandean Sevillako Algamitasen jokatutako Peñon Xtrem lasterketan lehiatu zen, 2021eko Espainiako Mendi Lasterketen Koparako baliagarria zen lehen proban. Selekzioko kideen artean bi sakandar zeuden: Amaia Razkin Medrano uharte arakildarra eta Beñat Katarain Razkin lakuntzarra. Asteburu bikaina eman zuten Andaluzian kontzentratuta, euren arteko giroa bikaina dela nabarmendu dute, eta Algamitasen lan ederra eginda itzuli dira bertatik. 

Peñon Xtrem 21,5 kilometroko eta 2.000 metroko desnibel positiboko lasterketa gogorra da. Sevillako punturik altuena, el Terril (1.129 m) gainditu behar izan zuten korrikalariek. Probak jaitsiera eta aldapa oso teknikoak zituen, eta Peñon de Algamitasko igoerak zailtasun handia izan zuen.

Gizonezkoetan garaipena lortzeko gogoz borrokatu ziren Manuel Anguita andaluziarra, Borja Fernandez kantabriarra eta Euskal Herriko selekzioko Asier Larruzea. Azkenean Anguita (2:26:19) gailendu zitzaion Asier Larruzeari (2:26:50). Aipatzekoa da Beñat Katarain Top 5-ean sailkatu zela:  helmugan 5. sartu zen lakuntzarra (2:30:23). 

Emakumezkoetan Oihana Kortazarrek eta Patricia Pinedak lehia oso estua izan zuten, probako tarte handi batean batera joan baitziren, baina azkeneko igoeran Kortazarrek erasoa jo, aurrera egin eta azkarrena izan zen helmugan (2:58:57). Maite Maiora hirugarrena izan zen (3:02:48). Amaia Razkin 21. postuan sailkatu zen (3:42:25). 

Espainiako Kopako baliagarria den hurrengo proba maiatzaren 16an jokatuko da, Miranda de Ebron, 35 kilometro eta 1.900 metroko desnibel positiboa duen CXM Miranda lasterketa gogor eta gorabeheratsua.