Irristaketa

Urrezko lau domina Ioseba Fernandezendako

Maider Betelu Ganboa 2021ko api. 26a, 12:20
Argazkia: Mariela Larraz.

Irristalari iturmendiarrak Nafarroako Pista Txapelketan bi urrezko domina lortu zituen eta Nafarroako Zirkuitu Txapelketan beste bi urrezko domina

Apirilaren 10ean eta 11n Nafarroako Irristaketa Pista Txapelketak jokatu ziren Amaya klubean eta apirilaren 17an eta 18an Nafarroako Zirkuitu Irristaketa Txapelketak Antoniuttin. 200 irristalari inguru lehiatu ziren, horietako 15 Sakana Irristaketa Taldekoak. Lan bikaina egin zuten irristalari sakandarrek. 

Senior mailako Ioseba Fernandez Fernandez irristalari iturmendiarrak (Berriro Ere) sasoi bikainean dagoela erakutsi zuen eta guztira urrezko lau domina lortu zituen. Nafarroako Irristaketa Pista Txapelketan bi urrezko domina eskuratu zituen eta Nafarroako Irristaketa Zirkuitu Txapelketan beste bi urrezko domina. 

Iruñea, Espainiako Txapelketetako egoitza
2021ean jokatuko diren 4 Espainiako Irristaketa Txapelketatik 3 Iruñean jokatuko dira. Maiatzaren 8an eta 9an haurren eta gazteen mailako Espainiako Zirkuituko Txapelketak jokatuko dira Antoniuttin, eta bi egun horietan Espainiako Kimuen Mailako Kopa jokatuko da toki berean. Maiatzaren 22an eta 23an junior eta senior mailako Espainiako Zirkuituko Txapelketak erabakiko dira Antoniuttin, eta, azkenik, ekainaren 12an eta 13an junior eta senior mailako Espainiako Pista Txapelketak jokatuko dira Amayan.