Pilota

Ezkurdiak eta Galarzak ezin dute hutsik egin

Maider Betelu Ganboa 2021ko api. 23a, 14:00
Hasierako ligaxkako 2. itzuliko partidan Ezkurdiak eta Galarzak irabazi zieten Altunari eta Mariezkurrenari. Argazkia: Juantxo Lusa.

Lehen jardunaldiko galtzaileak elkarren kontra ariko dira larunbatean Adarragan eta Ezkurdia eta Galarza Altunaren eta Mariezkurrenaren kontra irabaztera behartuta daude finalean egoteko aukeraren bat izan nahi badute. Elezkanok eta Zabaletak Peña eta Albisu dituzte arerio igandean Bilbon eta irabazleak hanka eta erdia baino gehiago izango du finalean

Binakako finalerdietako bigarren jardunaldiaren atarian gaude, eta asko dago erabakitzeko. Larunbatean lehen jardunaldiko galtzaileak –Ezkurdia-Galarza eta Altuna-Mariezkurrena– elkarren kontra ariko dira Logroñoko Adarragan (17:00etan, ETB1). Hil ala biziko partida izanen da, finalerako sailkatzeko borrokan egoteko urrezko puntua baitago jokoan. Igandean, Bilboko Bizkaia pilotalekuan lehen jardunaldiko irabazleak lehiatuko dira, Elezkano II.a-Zabaleta eta Peña II.a-Albisu (17:00etan, ETB1). Kasu honetan, irabazten duen bikoak hanka eta erdia baino gehiago izango du finalean. Beraz, has dadila ikuskizuna. 

Ezkurdia, final baten atarian
Joseba Ezkurdiak eta Ladis Galarzak Jokin Altunaren eta Jon Mariezkurrenaren kontra larunbatean Adarragan jokatuko duten partida final latza izango da. Bi bikoak galtzetik datoz, minduta daude eta  guztiz presionatuta, txapelketan bizirik jarraitu nahi badute ezin baitute hutsik egin.

Lehen jardunaldiko partida galtzean “egoera nabarmen zailtzen dela” aitortu zuen Joseba Ezkurdiak material aukeraketan. “Gauzak ongi egiten baditugu aukerak izango ditugu. Beraz, gogotik egin beharko dugu lan. Beti ahaleginean. Lehiakorrak izan beharra dugu, eta pazientziarekin eta buruarekin jokatu” nabarmendu zuen. Gainontzeko pilotariek baina pilotakada gehiago jotzen dituela galdetu zitzaion. “Nire jokatzeko moduagatik gehiago sartzen naiz jokoan. Eta aktiboa sentitzeko modua da baita ere” erantzun zuen. Aurrelari arbizuarrak txapelketan partida onak eta okerragoak izan dituela onartu zuen. “Baina finalerdietara fisikoki oso ongi eta txisparekin iritsi naizela. Hori da hoberena”. 

Hori eta gehiago beharko du arbizuarrak, Adarragakoa tentsio handiko partida izango baita, estua. Ladis Galarzak material aukeraketan azaldu zuen “hil ala biziko partidak jokatzera ohituta” daudela. “Fisikoki ongi eta kolpez fresko” sentitzen zela gaineratu zuen, eta kantxan sendo ikusten duela bere burua. Halaber, lehen aldiz Binakako finalerdietara sailkatu izanarekin gainean zeraman zama eta presioa arindu zaiola nabarmendu zuen. 

Ezkurdiak eta Ladis Galarzak “pilota politak eta azkarrak” hautatu zituzten, aurreko astekoak baino bote gutxiagokoak. Altunak eta Mariezkurrenak pilota lasaiagoak aukeratu zituzten, “ongi kokatzea eta sentsazioak hobetzea ahalbideratuko digutenak”. Altunak azaldu zuen buru belarri ibili direla larunbateko partida prestatzen. Elezkanoren eta Zabaletaren kontra egin zuten partida txarrari buelta eman nahi dio bikoak. Mariezkurrenak nabarmendu zuenez, “finalerdietan ez dago partida errazik”. Ezkurdia arerio latza dela gaineratu zuen. “Ezkurdiaren kontrako partidak tentsio handikoak dira. Josebak pilota zail asko kentzen dizkio atzelariari, eta erritmoa berehala aldatzen du”. 

Hasierako ligaxkan elkarren kontra aritu zirenean, lehen jardunaldian Altuna eta Mariezkurrena gailendu ziren (11 eta 22) eta bigarrenean Ezkurdia eta Galarza (17 eta 22). Hortaz, larunbatean edozer gerta daiteke. 

Zabaleta, faboritoa
Igandean lehen jardunaldiko bi biko irabazleen arteko lehia hartuko du Bizkaia pilotalekuak. Bi bikoak, Elezkano-Zabaleta eta Peña II.a-Albisu, lanak ongi eginak iritsi dira partidara. Elezkano eta Zabaleta hasierako ligaxkako lider sendoak izan dira; erakustaldia erakustaldiaren atzetik,  hasieratik txapelketa irabazteko bikote faboritoa dira eta oraindik ere hala izaten jarraitzen dute. “Pozik gaude orain arte egindakoarekin eta bikote bezala funtzionatu dugulako” nabarmendu zuen Zabaletak finalerdietako lehen partidan ikusgarri aritu eta Altuna eta Mariezkurrena 7 tantotan utzi eta gero. 

Bere aldetik, Peña II.a eta Albisu txapelketako sorpresetako bat dira, bi Jon Ander gipuzkoarrak txapelketa bikaina egiten ari baitira. Finalerdietako lehen jardunaldian 17 eta 22 irabazi zieten Ezkurdiari eta Ladis Galarzari, neka barratuta bukatu zuten partida gogorrean. “Gustura gaude, baina oraindik lan asko dago egiteko, bi partida geratzen dira. Bigarren puntua lortzea garrantzitsua da eta igandean partida on bat egiten saiatuko gara” azaldu zuen ama lakuntzarra duen Ataungo atzelariak. 

Bi bikoak sasoi betean daude. Hasierako ligaxkan elkarren artean jokatutako bi partidatan Peña eta Albisu gailendu ziren, lehenean 20 eta 22 eta, bigarrenean, 15 eta 22. Hala ere, igandeko partidarako katedrak Elezkano eta Zabaleta faborito jotzen ditu eta apustuak euren alde aterako dira. Baina ez da partida erraza izango. Zabaleta eta Albisu bi jotzaile erraldoien arteko sokatira ikusgarria aurreikusten da, baita aurrelarien arteko lehia ere. Partida handi baten aurrean gaude, eta asko dago jokoan, irabazten duenak hanka eta erdia baino gehiago izango baitu maiatzaren 9an Bizkaia pilotalekuan jokatuko den finalean.