Sakanako 16 kontzejuetako (Aizkorbe barne, egitura administratiborik ez badu ere) populazioak gora egin zuen eta joan den urteko ilbeltzaren 1ean haietan 25 pertsona gehiago bizi ziren, %0,1eko hazkundea izanik. Ibarreko 20.261 sakandarretatik kontzejuetan 1.365 bizi ziren. Aurreko lau urteetan biztanleria galdu zuten 16 herri horiek, 50 herritar edo biztanleriaren %0,22 galduz. Beraz, urte bakarrean aurreko lau urtetan galdutako populazioaren erdia berreskuratu dute kontzejuek.
Ibarreko zazpi kontzejutan igo zen biztanleria, guztien artean 41 herritar gehiago izanik: Ihabar (16), Izurdiaga (6), Dorrao (5), Aizkorbe (4), Hiriberri (4), Egiarreta (3) eta Etxarren (3). Gainontzeko bederatzi herrietan populazioak behera egin du, eta denen artean 16 herritar galdu dituzte: Unanu (5), Urritzola (2), Lizarraga (2), Lizarragabengoa (2), Errotz (1), Etxeberri (1), Ekai (1), Zuhatzu (1) eta Satrustegi (1).
Kontzejuen 2020ko populazioa 1999koarekin konparatuz gero, Arakilen biztanleriaren %9,44ko hazkundea izan da. Hau da, 86 herritar irabazi ditu. 21 urte horietan Ergoienak, berriz, populazioaren %23,08 galdu du, 111 biztanle gutxiago ditu. Lizarragabengoari dagokionez, tarte horretan biztanle bat irabazi du %3,13 haziz.
Sakanak 2020ko hasieran, aurreko urtearekin alderatuta, 76 biztanle gehiago zuen, %0,37ko igoera. Baina igoera handiagoa kontzejuetan izan zen %1,86. Hala, Sakanako 16 herri horietan populazioaren %6,64 bizi da eta gainontzeko 13etan, berriz, %93,26.
| Biztanleria | ||
| UDALERRIA / Kontzejua | Biztanleria udalerrian | Biztanleria kontzejuan |
| ARAKIL | 962 | |
| Egiarreta | 77 | |
| Ekai | 34 | |
| Errotz | 67 | |
| Etxarren | 157 | |
| Etxeberri | 60 | |
| Hiriberri Arakil | 114 | |
| Ihabar | 136 | |
| Izurdiaga | 178 | |
| Satrustegi | 53 | |
| Urritzola | 19 | |
| Zuhatzu | 42 | |
| Aizkorbe | 15 | |
| IRURTZUN | 2.247 | |
| IRAÑETA | 169 | |
| UHARTE ARAKIL | 789 | |
| ARRUAZU | 106 | |
| LAKUNTZA | 1.275 | |
| ARBIZU | 1.109 | |
| ERGOIENA | 370 | |
| Dorrao | 114 | |
| Lizarraga | 170 | |
| Unanu | 86 | |
| ETXARRI ARANATZ | 2.497 | |
| Etxarri Aranatz | 2.464 | |
| Lizarragabengoa | 33 | |
| BAKAIKU | 360 | |
| ITURMENDI | 411 | |
| URDIAIN | 661 | |
| ALTSASU | 7.465 | |
| OLATZAGUTIA | 1.490 | |
| ZIORDIA | 350 | |
| SAKANA | 20.261 | 1.365 |