Aldarrikapena osasun etxeen paretik Iruñeko kaleetara

Guaixe 2021ko api. 27a, 09:34
Etxarri Aranazko osasun etxe parean egindako kontzentrazioetako bat.

Lehen mailako osasun arretaren defentsan manifestazioa deitu du Nafarroako Osasun Plataformak maiatzaren 15erako, 17:00etan. Bitartean, asteazkenero, 11:00etan osasun etxeen parean egiten diren kontzentrazioetan parte hartzera deitu du.

Nafarroako Osasun Plataformak Zaindu zure osasun etxea. Zaindu zeure burua. Oinarrizko Osasun Laguntza Aurrera leloa aukeratu du mobilizaziorako. Plataformako kideek manifestazioaren deialdia egitean azaldu zutenez, “herrialdeko osasun etxeetako arretak gainbehera handia izan duela, bai herritarrekiko eta bai profesionalekiko”. Gaineratu zutenez, “pandemiak egoera areagotu egin du, eta 2008tik jasaten ari garen murrizketei murrizketa berriak gehitu zaizkie, batik bat aurreikuspen faltagatik, gabezia historikoagatik eta orain COVID zentroetan pilatu direlako giza baliabide eta baliabide material berri guztiak; guztiaren ondorioz, osasun etxeetako profesionalak kalitatezko arreta eskaintzeko gaitasunik gabe utzi dituzte”. 

Manifestazioaren deitzaileek nabarmendu dutenez, “COVID garaian galdu dugun aurrez aurreko arreta oraindik ez dugu berreskuratu; zenbait osasun etxetan hitzordua hartzeko 12-15 egun luze behar dira, eta plantilla horiek indartu beharrean, txertaketa-zentroetara eramaten dituzte langileak”. Lehen arretako osasun arreta zerbitzuen egoeraren diagnosian gaineratu zutenez,“gaixotasun ‘arruntak’ dituzten pertsonak ez dira behar bezala artatzen; baliabideak dituzten pertsona askok aseguru pribatuak kontratatzen dituzte; arreta eskuratzeko unean arrakala teknologikoa sortzen ari da eta beste hainbat kontu”. 

Elkarrekin erantzuteko deia
Plataformako kideek iritziz, Osasun Departamentuak “alde batera utzi ditu osasunerako prebentzioa eta hezkuntza (osasun-arretaren ikuspegi komunitarioaren zutabeak) eta eskariak erantzutera mugatu da; horren ondorioz, merkatu-hobi bat sortu zaie gero eta handiagoak diren aseguru pribatuei”. Manifestazioaren deitzaileen iritziz, “herritarren eta profesionalen arteko harreman-giroa ezinbestean hondatzeko arrisku larrian dago; izan ere, langileak ahaztuta daude, askotan alde batera uzten dituen kudeaketa baten ondorioz, eta horrek higadura eta motibazioa galtzea eragiten die. Bien bitartean, herritarrek ez dituzte beren beharrak asetzen”.

Lehen mailako osasun arretaren egoera ikusita, Nafarroako Osasun Plataformako kideen iritziz, “erreakzionatzeko unea da, eta erreakzioa zeregin komuna da. Profesionalek eta herritarrek erantzun bateratua emateko unea da, arreta prekarizatzen eta langileen lan-baldintzak murrizten ari den kudeaketa tamalgarri baten aurrean”.

Sinadurak 
Altsasun, Olatzagutian eta Ziordian lehen arretako osasun zerbitzu egokia eskatuz sinadurak biltzen ari dira. Osasunbidearen Iruñeko erregistroan sinadurak aurkezteko txanda gaurko eman diete.