Mankomunitatearen konpost planta martxan da

Guaixe 2021ko api. 28a, 14:10

Mustu berri den konpost plantan lanean. Argazkia: Sakanako Mankomunitatea.

Sakanako Mankomunitatea Arbizun bertan hasi da tratatzen ibarrean jasotako materia organikoa. Orain arte Kaparrosoko plantara eramaten zen.

Sakanako Mankomunitateko Hiri Hondakinen Zerbitzuak Arbizun duen hondakinen tratamendu plantan hilaren 15etik martxan da konpost planta. Horren ondorioz, Sakanan bertan jasotzen den materia organikoa ibarrean bertan kudeatu eta konpost bihurtzen da. Orain arte ibarreko materia organikoa Kaparrosoko Biogas Plantara eramaten zuen Mank-ek. Zerbitzutik jakinarazi denez, joan den urtean Kaparrosora 684,5 tona materia organiko eraman ziren. Hori 7.953,61 kilo CO2ren parekoa da. Mank-en horien garraioagatik eta tratamenduagatik 31.875,38 euro pagatu zituen. Dagoeneko pagatu beharko ez duen kopurua konposta hondakinak bertan tratatuko direlako. 



David Oroz Alonsok, Sakanako Mankomunitateko lehendakariak esan duenez, “Sakanan bertan kudeatzea gure materia organikoa konpost bihurtzeko prozesu osoa norabide egokian doan berria da”. Eta gaineratu duenez, “guretako garrantzitsuena Sakanak bere azpiegiturak eta tresna propioak garatzen jarraitzea da, bertatik bertara hobeto kudeatu dezakegulako egunerokoa. Ingurumenaren oreka lehentasuna da Sakanarendako, konpostaren gaian garbiki erakusten ari garen moduan”. 

Hiri Hondakin Zerbitzuko teknikariek jakinarazi dutenez, konpost plantaren irekierarekin  konfinamendu garaiaz geroztik itxitako auzokonposten kudeaketak aldaketak izanen ditu. Informazio kanpaina bat egitekotan dira, mantentze lanak egiteko bizilagun boluntarioak aurkezten diren auzoetan izanen baitu segida auzokonposteren erabilerak. Beraz, boluntarioek izena ematen badute auzokonpostagailuak erabiltzen segituko dira, eta horretarako abiatuko du informazio kanpaina hori Mankomunitateak.

Datuak
Etxeetan sortzen diren hondakinen artean kopuru handiena materia organikoa da, %42. Horregatik garrantzizkoa da egoki bereiztea. Horrela eginez gero, hondakinen kudeaketa errazteaz aparte, materia organikoa berrerabiltzeko aukera ematen delako. Nola? Konpost bihurtuta. Sakanako Mankomunitateko Hiri Hondakinen Zerbitzuak joan den urtean 200.000 litro konpost banatu zizkien hala eskatu zuten 750 sakandarrei. Arbizuko plantan dago horretarako aukera. 

100 metro luze eta 25,2 metro zabal ditu konpost plantak, guztira 2.520 metro karratu. Hura egiteko 855.638,88 euro bideratu dira (%80 Nafarroako Gobernuak eta %20 estatua  eta Nafarroako Hondakinen Partzuergoa). Hondakindegira sartu aurretik ezkerrera dago materia organikoa kudeatzeko azpiegitura berria. Inbertsioa %100ean Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegitura Planak eta Nafarroako Hondakinen Partzuergoak pagatu du. Konpost planta espero baino urte bat beranduago zabaldu da, egitea aurreikusitako tokian Sustapen Ministerioak Abiadura Handiko Trenaren trazadura pasatzea aurreikusi duelako.