Despopulazioak zortzi udalerri jo ditu

Guaixe 2021ko api. 29a, 14:46

Dorrobarrak herriko plazan. Artxiboa.

Nafarroako Gobernuak udalerrietako despopulazio-arriskua ezagutzeko azterketa egin du. Ikerketak ondorioztatu duenez, Arakil, Uharte Arakil, Arruazu, Ergoiena, Bakaiku, Urdiain, Olatzagutia eta Ziordiak despopulazio mailaren bat dute.

Toki Administrazioko eta Despopulazioko Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako despopulazioari buruzko azterlana egin du. Ikerketa egiteko biztanleria-dentsitatea eta biztanleria-kopuruaren galera 30 urteko aldian (1989-2019) izan dituzte kontuan. Nafarroa guztia aztertzeaz aparte, udalerriak eta populazio-guneak ere aztertu ditu, udalerri bakoitzari despopulazio arrisku maila bat emateko, halakorik balego. Sakanako 15 udalerrietatik zortzi daude despopulazioaren zerrenda horretan: Arakil, Uharte Arakil, Arruazu, Ergoiena, Bakaiku, Urdiain, Olatzagutia eta Ziordia. Hau da, 20.261 sakandarren %25,11 (5.088 pertsona) bizi dira zazpi udalerri horietan. 

Foru administrazioak ikerketa egiteko baliatutako bi parametroetan oinarrituta, bost maila ezarri dira. Lehenik, despopulatzeko muturreko arriskua (8 biztanle/km2 edo gutxiagoko populazio-dentsitatea). Maila horretan ez dago Sakanako herririk. Bigarren maila da despopulazio-arrisku bizia (12,5 bizt./km2 eta 8 bizt./km2 arteko populazio-dentsitatea) eta hor Ergoiena dago. Hirugarren maila despopulazio-arrisku handia (25 bizt./km2 eta 12,5 bizt./km2 arteko dentsitatea, eta biztanleria gutxitzea 1989tik 2019ra) Arakil, Uharte Arakil, Arruazu eta Ziordia daude. Laugarrenean, gainbehera bizia (biztanleria %15 edo gehiago murriztea 1989tik 2019ra eta 25 bizt/km2-tik gorako biztanleria-dentsitatea), Olatzagutia dugu. Eta, azken mailan, gainbehera ertaina (biztanleria %15etik behera murriztu zen 1989tik 2019ra eta 25 bizt./km2-tik gorako biztanleria-dentsitatea), Bakaiku eta Urdiain daude. 

Balioa
Jesus Mari Rodriguez Gomez Toki Administrazioaren eta Despopulaziorako zuzendari nagusiak adierazi duenez, “azterketa horri esker, despopulazio-eremuak zehaztu dira, lurralde- eta biztanleria-egiturari dagokionez antzeko ezaugarriak dituzten udalerriak bilduz, eta despopulazioaren eta erronka demografikoaren aurkako politikak ezartzeko erabiliko da”. Rodriguezek gaineratu zuenez, “azterlan hori erreferentzia izango da Europako funtsak eta Espainiakoak modu egokian banatzeko”. 

Eta, horretarako, kontuan izanen dituzte 2021-2027 Eskualde Garapenerako Europako Funtseko erregelamenduko NUTS2 eta NUTS3 eremuetarako definitutako irizpideak, despopulazioaren aurkako neurriak hain zuzen ere. Baita Erronka demografikoaren aurreko Neurrien Espainiako Plana ere. “Hori guztia kontuan hartuta, funts horiek behar handiena duenarengana iritsi behar dute, hau da, despopulatzeko arrisku handiena duten lekuetara”, esan zuen Rodriguezek.

Bestalde, zuzendari nagusiak gogorarazi zuen despopulazio-maila handiena duten eremuek zahartze-indize handiagoak dituztela. Hala, 64 urtetik gorako biztanleria eta 16 urtetik beherakoa kontuan hartuta, muturreko arriskuan dauden udalerriek 3,35eko indizea dute, eta arriskurik gabeko eremuek 1,22koa. Era berean, maskulinizazio-indizeak ere askoz handiagoak dira: 1,25 dira muturreko arriskuan dauden udalerrietan, eta 0,98, berriz, arriskurik gabeko udalerrietan.

Dirulaguntzak 
Toki erakundeek despopulazioaren aurkako ekintzak eta inbertsioak bultzatzeko, Lurralde Kohesiorako Departamentuak 1,7 milioi euroko dirulaguntza deialdiak eginen ditu aurki. Bi deialdietan jarduketak gauzatzeko epea azaroaren 15an despedituko da. Alde batetik, 1,2 milioi euro bideratuko ditu erronka demografikoari aurre egiteko udal- eta kontzeju-dotazioak edo zuzkidurak hobetzea du helburu. Horrela, finantzagarriak izanen dira administrazio-, gizarte-, kultura-, kirol-, jolas- eta turismo-erabilerarako zuzkidurak eraikitzea, handitzea edo eraberritzea, bai eta alokairurako etxebizitzak berritzea edota erostea ere.

Bigarren deialdia 500.000 eurokoa da, eta despopulazioa arintzeko gastu arrunteko jarduerak eta proiektuak finantzatzea du helburu. Finantzagarriak izanen dira Nafarroako despopulazioaren aurkako Estrategiaren inguruan planteatutako eskaerei eta premiei erantzuna ematen laguntzen duten jarduerak,besteak beste: berrikuntza eta ekintzailetza; pertsona eta kolektiboendako zerbitzuak (adinekoak, mendekoak, gazteak, emakumeak, familiak, baztertuta geratzeko arriskuan dauden kolektiboak, kalteberak edo egoera ahulean daudenak, biztanle berriak lehendik dauden biztanleguneetan eta antzekoak edo antzekoak); elkarlaneko zerbitzuak, lotutako zerbitzuak eta turismoa, zerbitzuak eta jarduera partekatuak; landa-mugikortasuna; eta turismoa; Mankomunitate edo udalerri berean parte har dezakete banakako edo lankidetzako ekintzen bidez, baldin eta lurralde-eremua biztanleriarik gabe geratzeko arriskuan dauden udalerriak badira.

Lautik bat
Nafarroako lau udalerritatik bat despopulatzeko arrisku larrian dago, foru administrazioak egindako azterketaren arabera.